Ia 15.000 euro bildu zituen Sport Mundik urtezahar egunarekin Hondarribian egin zen San Silbestre solidarioan. Atzo 14.849 euroko txekea eman zioten Behar Bidasoa Gobernuz Kanpoko Erakundeari, udaletxean egindako ekitaldian.
Tanzaniako harrera etxe baterako izango da dirua
Ia 15.000 euro bildu zituen Sport Mundik urtezahar egunarekin Hondarribian egin zen San Silbestre solidarioan. Atzo 14.849 euroko txekea eman zioten Behar Bidasoa Gobernuz Kanpoko Erakundeari, udaletxean egindako ekitaldian. Bertan izan ziren Sport Mundiko Manu Amunarriz eta Juanan Garcia, Behar Bidasoako presidente Agustin Ugarte, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Udaleko kiroletako zinegotzia eta probako antolakuntzan ezinbesteko laguntzaile izan zen Bidasoa Atletiko Taldeko (BAT) ordezkariak.
Behar Bidasoak Tanzaniako Dar es Salaam herrian duen Camelot harrera etxera bideratuko da bildutako dirua. “Abandonatutako eta gurasorik gabeko haurrak jasotzen dira, batez ere neskak, bere egoera okerragoa delako. Bere bizitza gogorrean formazioa eta laguntza eskaintzen die, erreferentzia etxe bilakatzen delarik beraientzat”, azaldu zuen Ugartek. Sport Mundiko ordezkarien hitzetan, “ohore handia da Behar Bidasoa eta Tanzanian daukan proiektu ederrarekin laguntzea. Inguruko erakunde hurbil eta serio batekin lan egin nahi genuen, eta Behar Bidasoak baldintza guztiak betetzen zituen”.
Ugarte eskertua azaldu zen: “Sport Munditik hasi eta udaleraino, BAT-etik pasata eta nola ez, parte hartu zuten kirolari denei, denen artean ikaragarria den laguntza hau lortzeagatik. Tanzaniako etxearen urteroko aurrekontua 24.000 eurokoa da, beraz, erreza da ulertzea zer nolako garrantzia duen 14.849 euro lortzeak”.
Txomin Sagarzazu kirol zinegotziak hitz politak izan zituen Sport Mundirentzat: “Ekitaldi solidario hauek garrantzi handikoak dira, ez bakarrik laguntza jasotzen duten herrialdeentzat, baita guretzat ere, laguntzeko moduan gaudenontzat”.