Gotibeheren proba eta gero HITZAk Pexperlantei eginiko elkarrizketaren ondoren, Klaro kon Gas taldeak mendekua hartu du. Ez dute salaketarik jarri, ez, harago joan dira, beraiek ere Aitor Baztarrika Oca kazetariarekin elkartu dira eta esan beharrekoak esan dituzte.
Goitibeheren proba eta gero HITZAk Pexperlantei eginiko elkarrizketaren ondoren, Klaro Kon Gas taldeak mendekua hartu du. Ez dute salaketarik jarri, ez, harago joan dira, Aitor Baztarrika Oca kazetariarekin elkartu dira eta esan beharrekoak esan dizkiote.
Aitor Baztarrika Oca / HondarribiaPasa den astean Pexperlantei egindako elkarrizketa polemikoaren ondoren, Klaro Kon Gaseko kideek dopin kasu honetan errugabe direla azaldu nahi izan dute. Horretarako, Batzorde Olinpikoarekin batera beraien sorleku den Lekuona tabernan batu eta euren edabe magikoaren osagaiak erakutsi zituzten.
Gu ere bertaratu ginen, edabeari argazkiren bat ateratzeko asmotan baina ezin izan genuen lortu. Hala ere, hor ginela aprobetxatuz Klaro Kon Gaseko —uste dugu edabeak izenarekin zerikusia duela— partaideei hainbat galdera egin ahal izan genizkien. Denboraz nahiko larri zebiltzala esan ziguten, hiru proba besterik gelditzen ez diren honetan topera entrenatzen ari baitira Pexperlantei lehen postua kentzeko asmoz.

Klaro kon gas taldea, parodiaren egunean
Klaro Kon Gas, igande olinpikoen aurretik hartzen duzuen edabe magikoa?
Asterix eta Obelix-en antzera jardunaldien aurretik beti hartzen dugun edabe magikoa da, bai. Honi esker indarrak hartzen ditugu eta buruko minen bat edo beste ere.
Orain benetan, zergatik jarri zenioten izen hau?
Duela pare bat urte Honddarbiko jaitan topatu ginen gaur Klaro Kon Gas taldea osatzen dugunok.
Leku tabernara hurbildu eta bertan gure edabe magikoa sortu genuen, klaroa gasakin nahastu eta gorantz joan ginen. Izan ere, gau epiko bat izan zen eta barreen artean gogoratzen dugu. Horregatik beraz, gau hartan elkartu gintuena jarri dugu taldeko izen bezala.
Aurreko urtean 7. geratu zineten, aurten ordea bigarren postuan. Prestaketa bereziren bat egin duzue edariaren formula hobetu agian?
Ikusita gure edabe magikoa funtzionatzen zuela, formularen osagaiak ikertu eta hauen kantitatea eta kalitatea hobetu ditugu, batez ere kantitatea. Orain serio hitz eginda, gure arteko harremana oso ona da eta sortu den giroa izugarri polita da. Gure ustetan honek egiten du gure emaitzak hobetzea.

Taldea, edabe magikoa zaintzen
Pexperlantak taldea duzue aurretik, pikea nabaria da?
Pexperlatekin dugun erlazio estuak olinpiadetako jardunaldietan oraindik gehiago pikatzeko balio digu. Hasiera batetik, nahiz eta beraiek klasifikazioaren behealdean egon, pikea sortua zegoen. Hala ere, ez dugu inolako beldurrik, gaztetasuna gure alde daukagu eta gugan konfiantza dugu. Badakigu datorren probetan beraiek hanka sartu dezaketela eta guk garaipena berreskuratu.
Azken probetan beherakada izan duzue, Pexperlantek dioten bezala gasa galtzen hasi zarete?
Ez, ezta antzekorik ere. Estrategia hutsa da, besteak despistatzeko egin dugu.
Bionttuak eta beste bi talde atzetik dituzue 10 puntu baina gutxiagoko diferentziarekin. Zuen postua arriskuan ikusten duzue?
Hiru egun gelditzen dira eta gure arma sekretuak gordeta ditugu oraindik azken txanpan puntu gehien lortzeko. Ez dugu beldurrik, talde orekatua dugu edozein probetara egokitzeko modukoa. Lasai gaude, badakigulako Pexperlantak bezalaxe, Bionttuak eta atzetik ditugunak ere zulora joango direla hurrengo egunetan, beraz ez dugu gure postua arriskuan ikusten.
Hala ere, lehia ez da olinpiaden helburu nagusia, zer bilatzen duzue zuek bertan?
Gure ustetan olinpiadak pertsonen arteko erlazioak hobetzeko balio du, jende gehiago ezagutu eta herriko giroa sortu. Izan ere, Honddarbik zuen xarma galtzen hasia zen eta mugimendu honi esker herri honen bizia berreskuratzen ari gera. Olinpiada egun bat bukatzen denean hurrengoa noiz etorriko irrikitan egoten gara, giro oso ona sortzen delako eta oso ondo pasatzen dugulako.
Logoa kenduta, herri kiroletan egin zenuten puntuaketa hoberena. Hala ere, zein izan da zuen probarik gustukoena?
Galdera honi erantzutea nahiko zaila da, izan ere, bakoitzak proba ezberdin bat izan du gustuko, ez gera ados jartzen. Orokorrean parodia, mendi proba eta herri kirolak izan dira gustukoenak. Parodia oso dibertigarria izan zelako, mendi proba gure limiteraino eraman gintuelako eta herri kirolak mitiko direlako. Azken finean guzti hauek talde izpiritua eskatu digute eta hori da mugitzen gaituena.

Klaro Kon Gasekoak, Laika txakurrarekin, Sputnika erakusten
Zer moduzko esperientzia izan zen goiti-behera eraikitzea eta jaitsiera?
Materiala lortzea eta goiti-behera eraikitzea nahiko lana izan zen. Eskerrak taldean badugula aeronautikan adituak direnak gure S
putnik-a eraiki ahal izateko. Gainera, kostata izan arren, Laika txakurra berpiztea lortu genuen bere biziko bigarren aukera eskaintzeko. Jaitsierari buruz, gure astronautek lan bikaina egin zuten nahiz eta erorketa txiki bat izan. Beraiek diotenez esperientzia oso polita izan zen.
Olinpiada hauetan geratu zaizuen anekdotaren bat?
Gure anekdota gehienak larunbat gauetan suertatzen dira baina horiek hobeto giltzapean gordetzen baditugu…
Hurrengo larunbateko proba nola ikusten duzue, hurrengo egunean korrikarengatik egingo diren ekintzekin batera?
Larunbateko proba Ginkana da eta oso gogotsu gaude. Gogor prestatzen eta entrenatzen ari gara bai fisikoki bai mentalki, edozein proba tokatzen zaigula %100 emateko. Korrika dela eta antolakuntzatik proposatu diren ekintzak ezin hobeak iruditzen zaizkigu. Klaro Kon Gas taldea hor egongo da, euskararengatik, amona zaharrak bezala bingora jolasten, txapeldunak bezala gosari ederrarekin tripa betetzen gero behar bezala korrika egiteko!