
18. Korrikaren irudia Irunen
19. Korrika gaur abiatuko da Urepeletik (Nafarroa Beherea). Hamar egunez euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute ehunka lagunek Euskal Herri osoan zehar; baita Irunen ere. Bidasoko AEK-k Korrikaren hasierarekin bat egiteko debaldeko autobusak antolatu ditu 10:30ean Bixeratik abiatuta.
Bidasoko HITZA-k 19. Korrikak Oarsoaldean eta Bidasoan egingo duen ibilbide osoa zuzenean emango du
streaming bidez,
bidasoa.hitza.eus webgunean.
Hala, etzi larunbatarekin iritsiko da Korrika Behe Bidasora. Oiartzungo Gurutzetik Landetxa-Kateara ailegatuko da 13:11 aldera eta horrekin bat egiteko helburuarekin, egitarau berezia antolatu dute auzotarrak. Gainera, Elatzeta ikastetxeko eta auzo elkarteko kideek lekukoa hartuko dute tarte horretan.
Kateatik Arretxe Gaina (13:32), Elizatxo hiribidea (13:38), Gipuzkoa hiribidea (13:41), Colon pasealekua, Bixerako bus geltokia (13:46), Nafarroa hiribidea (13:50) eta Behobia (14:00) zeharkatuko ditu 19. Korrikak. Behobia igaro ondotik, Endarlatsara abiatu eta Nafarroan sartuko da.
Tarte horretan lekukoa eramango dutenen artean daude, besteak beste: Irungo CAF lantegiko ELA eta LAB sindikatuak, Hirubide ikastetxea, Bidasoa institutua eta Mondragon Unibertsitatea, Txingudi Ikastola, Kristau Eskola, Eguzkitza Ikastetxea, Real Union futbol taldea, Toki Alai ikastetxea, Kemen Dantza Taldea, Zaisa eta 11 Kolore iniziatibarekin bat egindako elkarte, erakunde eta norbanakoak.
Korrika ere, aniztasunaren alde
Aniztasunaren Korrikaldia egingo du etzi, Korrikaren barruan, EH 11 Kolore erakundeak. Horrela, Azken Portu kiroldegitik Nafarroako mugaraino bost lekuko aldaketa egingo dituzte iniziatiba horren barruan. Korrikak eta Arrazakeria eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Egunak bat egingo dute larunbatean Irunen.

17. Korrika Irundik pasatu zeneko irudia
Zergatik Irunen galdetuta, Beñat Garmendia EH 11 Koloreren koordinatzaileak argi dauka: “muga izaera izan duen hiria delako, hau da, aniztasuna bertatik bertara bizi delako bertan, eta aldi berean, arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako eguna izanda, egoki zelako bertan Korrikako kilometroak hartzea”.
Bost lekuko aldaketa izango dira Korrikaren barruko jarduera anitz horretan: lehena EH 11 Kolorek eta Fermin Muguruzak eramango dute; bigarrena Irungo elkarteena izango da (Adiskidetuak, I-Romi eta Tadamum); hirugarrean Jaurlaritzako Gizarte eta Politika Sozialen Departamentuarena; laugarrena Udalbiltza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Migrazio eta Aniztasun departamentuarena; eta bosgarrena Gipuzkoako eta Nafarroako SOS Arrazakeria taldeetako nahiz Gora Gasteiz plataformako kideek eramango dute. 12:30ean gelditu dira denak Urdanbibia plazan azken xehetasunak zehazteko.
Horren harira, Oarso Bidasoko EH Bilduren hautetsi guztiek oharra bidali dute HITZA-ra, EH 11 Koloreren Korrikaren barruko iniziatibarekin bat egiten dutela esateko.
Igandean berriz ere korrika
Goizaldean iritsiko da berriro 19. Korrika Irunera, oraingo honetan ordea, Hendaiatik ailegatuko da euskararen aldeko aldarria. Santiagoko zubia zeharkatuko dute 06:07 aldera eta Ficoban izango dira Betti Gotti EuskaRa Kultur Elkarteko eta Euskal Kultur Taldeko (EKT) kideak.
Iparralde etorbidean gora egingo du Korrikak. Irungo Udaleko ordezkariek Colon pasealekutik (06:13) Hondarribia kaleko estankoraino eramango dute lekukoa eta bertan hartuko dute EAJren udal taldeko arduradunek (06:16) Zubimuxuko biribilguneraino.
Hondarribirantz egingo du orduan eta handik bueltan, Irunera sartuko da hirugarren eta azkeneko aldiz. Hala, Irunera iritsi aurretik, Amuteko semaforoan Plaiaundi institutuko kideek hartuko dute lekukoa (06:49) Beterrameko Caser zaharren egoitzara arte. Lakaxita gaztetxeko kideak izango dira bertan lekukoaren zain, eta ondoren, Moskuko tabernarien txanda iritsiko da.
Dia supermerkatuan bestalde, Bidasoko Suhiltzaile Parkeko ordezkariak izango dira (07:05). Irungo EH Bilduko kideek supermerkatuaren ondorengo gasolindegian hartuko dute lekukoa (07:12) eta Osakidetzakoek eramango dute Irungo azken lekukoa Zaldunbordatik (07:15) Gaintxurizketako biribilguneraino.
Korrika Txikia bestalde, martxoaren 25ean asteazkenarekin egingo dute Txanaleta plazatik abiatuta, 10:00etan.
Hori horrela, martxoaren 29an igandearekin bukaera emango diote 19. Korrikari Bilbon finkatutako helmugan eta bertan antolatutako ekitaldiaren bitartez.
Datozen egunetarako egitaraua:
Etzi, larunbata
LANDETXA-KATEAN
- 13:00ak aldera iritsiko da 19. Korrika.
- 14:30ean kantu-bazkaria Landetxako Auzo Elkartean, Arkaitz Miner eta Mikel Markez musikariekin.
- 19:30ean Auzo ametsa sortzen hizkuntzen bilakaerari buruzko erakusketa La Republica eskola zaharrean.
IRUNEN
- 12:00etan triki-poteoa Urdanibia plazan.
- 13:45 aldera Korrika San Juan plazara iritsiko da.
- 14.30ean herri-bazkaria Hazian.
- 18:00etan ginkana Irungo kaleetan. Izen-ematea e-posta bidez egin behar da.
- 19:30ean txaranga Irungo kaleetan.
Hilak 22, igandea
- 04:30ean baratxuri-zopa jana Irungo Urdanibia plazan.
- 06:00ak inguruan iritsiko da Korrika Santiagoko zubira.
Hilak 25, asteazkena
- 10:00etan Korrika Txikia Txanaleta plazatik.