Igande goizean Hondartzako ponpatze planta eta Atalerrekako araztegia ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko ditu Txinzerrek. Autobusa jarriko dute Irundik, Colonetik abiatuta, eta Hondarribia kalean eta Miramarren geldiadia egingo du. Izena eman behar da.
Atalerrekako ur araztegia
Uraren Munduko Eguna izango da igandean, hilak 22,, eta Txingudiko Zerbitzuek (Txinzer) ohitura dutenez, ate irekietako jardunaldia antolatu dute erakundearen azpiegiturak barnetik bisitatzeko. Aurten Hondartzako ponpatze plantaren eta Atalerrekako araztegiaren funtzionamendua ezagutzeko aukera izango da —iaz Endarako urtegia eta Elordiko araztegia bisitatu zituzten—. “Instalazio horiek ateak zabalduko dizkiete eskualdeko saneamendu sistema nahiz, oro har, uraren ziklo integrala hobeto ezagutu nahi dituztenei”, azaldu dute.
Bi instalazioak Hondarribian daude, baina bisitak mankomunitateko herritar guztiei irekiak dira. Hala, Irundik autobusa jarriko dute nahi dutenentzako. 09:00etan abiatuko da Colon pasealekutik, Aguirre gozodenda ondotik, eta Hondarribia kalean geldialdia egingo du, Pinudiko geltokian, 09:05an. Hondarribian behin bakarrik geratuko da, Miramarren, 09:10an.
Aurrena ponpatze planta bisitatuko dute eta ondoren araztegia. Gutxi gorabehera 11:45ean bukatuko da Atalarrekako bisita gidatua eta itzultzeko ere autobusa izango da.
Izena eman behar da
Autobusez, nahiz kotxe partikularrez joan, igandeko bisitetara joan nahi dutenek erreserba egin behar dute, 902 11 93 84 telefono zenbakira deituz, edo
txinzer.com webgunean izena emanez.