Euria barra-barra bota zuen partida osoan zehar
Iruñera bidaia egin zuten larunbatean Irun RT taldeko jokalariak La Unica taldearen aurkako partida jokatzeko prest. Partida orekatua suertatu zen larunbatekoa, baina hala eta guztiz ere, 5-6 gailentzea lortu zuten azkenean irundarrek. Garaipenari esker, sailkapen orokorraren hirugarren postuan jarraitzea lortu du Irun RTk 62 punturekin, bigarren sailkatutik lau puntura eta lehenengotik hemeretzira.
23. minutura arte ez zuen lortu talde bisitariak markagailua irekitzea. Ugo Poncinik egindako jaurtiketari esker lehen hiru puntuak eskuratu zituen Irunek. 32. minutuan hala ere, markagailuan aurretik jartzen asmatu zuen La Unicak eta entsegua lortuta 5 puntu gehitzea lortu zuen.
Atsedena igarota bi taldeak markagailuan ezin gora egin aritu ziren 68. minutura arte. Izan ere, Poncinik beste jaurtiketa bat egin eta beltzen aldeko beste hiru puntu eskuratu zituen. Partidak ez zuen jokorako aukera gehiegirik eman eta azken markagailua 5-6koa izan zen.
Datorren larunbatean atseden hartuko du Irun RTk. Hala, datorren partida prestatzeko aukera izango du taldeak. Izan ere, hurrengo jardunaldian Kanpazar Arrasate lehen sailkatuaren aurka ariko dira beltzak Plaiaundin finkatutako partidan.