Herri olinpiadek gosaria antolatu dute igande goizalderako, Korrika iritsi baino lehenagorako
Beste behin, euskararekiko konpromisoa agertu dute olinpiadek
Igande goizaldean iritsiko da Korrika Hondarribira eta herri olinpiadetako kirolariek harrera olinpikoa egingo diote, bezperatik. Larunbat goizean ginkana proba egingo dute San Pedro kalean, aurtengo olinpiadetako seigarren proba, eta ondoren Korrikari lotutako hainbat ekitaldi deitu dituzte, herritar denei irekiak guztiak.
Hala, 19:30ean triki poteoa egingo dute, Larra tabernatik abiatuta. Euskahaldun! leloari eutsita, Alde Zaharra eta Portua girotuko dituzte, gauerdira arte. 00:00etarako Bingo jokoa antolatu dute Itxaropena tabernaren parean, 01:30ean Moz’korrika’ Muaran, eta 05:00etan indarrak berreskuratuko dituzte Correoseko plazatxoan, txokolate beroarekin.
35 minutuko ibilbidea
Igandean, 06:20an sartuko da Korrika Hondarribian, Mendelutik. 35 minutu egingo ditu herrian eta lekukoa hainbat aldiz aldatuko da eskuz. Sartu bezala, atera ere Mendelutik aterako da euskararen aldeko lasterketa; Beterramerako sarreran izango da hondarribiarren azken lekukoa. Hurrengoa, Anakako lehen semaforoan, irundarren esku geratuko da.
Bisitatu 19. Korrikari buruzko
webgune berezia eta adi ondoko ordutegiari:
Korrika 19 Hondarribian
- 618. kilometroa. Mendeluko zubian. 06:20.
- 619. kilometroa. Amuteko zubian. 06:23.
- 620. kilometroa. Santa Maria ateaurrean. 06:29.
- 621. kilometroa. Miramarreko biribilgunean. 06:32.
- 622. kilometroa. Hondar-Serna jatetxeen bidegurutzean. 06:35.
- 623. kilometroa. Hermandadea. 06:39.
- 624. kilometroa. Sabin Aranako igogailuaren ondoan. 06:44.
- 625. kilometroa. Amuteko semaforoa, parkearen ondoan. 06:49.
- 626. kilometroa. Psilocybenea. 06:52.
- 627. kilometroa. Beterramerako sarreran. 06:55.