Santiagoko zubian egin zuen iniziatiba politiko berriak udal hauteskundeetarako zerrendaren aurkezpena

Ezkerretik eskuinera: Carlos Reglado, Paulina Lorenzo, David Soto, Nuria Moreno eta Javier Oyarbide
Bidasoko Ahal Dugu alderdi politiko berriaren Bai Ahal Da joerak maiatzeko udal hauteskundeetara begirako Irungo zerrenda aurkeztu zuen larunbatean Santiagoko zubian egindako agerraldian. Iniziatiba politiko berriak David Soto aurkeztu zuen Irungo alkatetzarako hautagai bezala.
Herritar talde batek osatzen duela talde politikoa nabarmendu zuen Sotok hitza hartu zuenean, eta udalean ordezkaritza lortuz gero, “herritarren parte hartzea sustatuko” dutela adierazi zuen alkategaiak.
Ildo horretan herritarren arteko “desoreka” gainditzea taldearen helburu nagusienetakoa dela nabarmendu zuen Sotok. Kontrola eta gastua, gardentasuna eta zintzotasuna, parte hartze eraginkorra, ingurumena, ongizatea, elkartasuna, garapen ekonomikoa, kultura eta euskara izan zituen besteak beste hizpide zerrendaburuak aurkezpenean.
Honakoak dira Ahal Dugu-k Bai Ahal Da taldearen bitartez Irungo udalerako aurkeztutako zerrendako aurreneko bostak:
- David Soto Rodriguez.
- Carlos Reglado Mateos.
- Javier Oyarbide Urizarna.
- Paulina Lorenzo Larraz.
- Nuria Moreno Iparragirre.