Ekainean aurkeztu nahi du tesina Diez Oronozek, ikertzen jarraitzeko
Arkitektura ikaslea da Aritz Diez Oronoz (Hondarribia, 1988) eta horretan ari da lanean, “dagoenean, ez baitago lan handirik, zahar berrikuntzetan gehiago”. Horretaz asko daki, oso gaztetatik jarri zituelako begiak herriko ondarean. Hondarribiko harresiak marrazten zebilela erabaki zuen arkitektura ikasi nahi zuela, eta karrera bukatzeko tesinarako, nola ez, harresiak aukeratu zituen, direnak eta izan zitezkeenak.
III. Hondarribiko Ondareen Foroaren barruan hitzaldien eguna izango da osteguna eta arratsaldean bere txanda izango da,
Hondarribiko harresiak Berwickeko Dukearen setioaren ondoren 1719-1795 ponentziarekin (Paradorean, 17:30ean). Gutxi ikertutako garaia izanagatik, eta bildutako dokumentazio grafiko zabalagatik, entzulea harrituko du Diez Oronozek.
Garai bateko arkitektura gustatzen zaizu.
Bai, hori da gehien gustatzen zaidana, garai bateko arkitektura. Parrokia marrazten hasi nintzen, gero harresiak. Beti aritu naiz horrela eta horregatik sartu nintzen arkitektura ikastera. Hondarribia ez da herri txarra arkitektura ikasteko.
Ostegunean XVIII. mendean kokaturiko ponentzia landuko duzu Ondareen Foroan. Zergatik garai hori?
Harresien historiaren bukaerako garaia da eta ez dago asko idatzia garai horri buruz. Beti egon naiz harresien inguruan irakurtzen eta tesinarako gai bat aukeratu behar izan nuenean, garai hori dekadentziaren estalpean zegoela konturatu nintzen, eta inor ez zela garai hori oso sakonki aztertzen jarri. Hasieran gaiak eramaten dizu alde batera eta bestera, eta bukatu nuen garai horretako informazio guztia batu eta harresien inguruan egin ziren proiektu batzuk landu.
Nola bildu duzu dokumentazio hori guztia?
Gehiena Madrilen egin dut. Hemen, argitaratu diren liburuak erabili ditut, baina ez dago asko, setioari buruz bai eta artikulu txiki batzuk, baina dena Madrilen dago. Plano pare bat ezagutzen nituen, eta horien bila joan nintzen Madrilera, ez nuen askoz gehiago espero, baina hara iritsi eta aurkitu nuen pila bat, garai hartako Hondarribiari buruzko planoak eta egin ziren proiektuei buruzko informazio asko zegoen.
Harresien eraginkortasuna hobetzeko proposamenak dira, ez?
Bai. Luis de Langot eta Pedro Moreau ingeniarien proposamenak dira. Hondarribiko harresiak XVII. nendetik gabezia batzuk zituen: oso zaharkitua zen, mendi eremua gertu zegoen eta etsaia asko gerturatu zitekeen erasorako, eta Hendaiatik oso hurbil zegoen. Bi ingeniari horien proiektuek gabezia hauek saihesten zituzten. Ondoko mendi guztiak lautu edo gotortzea proposatu zuten, landa eremu osoa zaintzeko. Noski, oso proiektu garestiak ziren, zati gehienetan 4-6 metro sakonerako lur mugitzeak eskatzen zituelako, eta Estatuko haziendak ez zuen dirurik horri aurre egiteko.
Diru faltagatik ez ziren egin, orduan.
Arrazoi estrategikoak ere baziren. Ordurako mugaren babesa Bidasoaren ertzean zegoen eta Hondarribitik hori ezin zen zaindu, eta gainera Hendaiatik oso hurbil egonda, oso ahula zen, han bateria batzuk jarrita nahikoa zelako Hondarribiaren aurka egiteko. Han ez zegoen ezer suntsitzeko, eta hemen, aldiz, hiri oso bat.
Proiektu horiek ez gauzatzeak, ze ondorio izan zituen?
Proiektuak XVIII. Mendeko lehen laurdenekoak dira. Hori eta gerokoek, egiten diren txosten guztiek gomendatzen dutena da harresiak dauden bezala uztea, setioan egindako kalte guztiak konpontzea, Bretxa gehienbat, baina harresia zegoen bezala uztea. Horrek behintzat, inbaditzailea behartuko luke dirua gastatzera, hiria setiatu nahi izanez gero.
Eta egin izan balira, aldaketa handia izango al litzateke?
Historia ez dakit aldatuko luke, Konbentzio Gerra agian berdin berdin gertatuko zen, baina landa eremua oso desberdina izango litzateke, dena laua izango litzatekeelako, mendixkarik gabe. Eta herriak harresi gehiago izango lituzke, azalera handia hartuko bait luke, Arroka puntatik Santa Engraziraino. Lurreko frontea deitzen den hori zen garrantzitsuena eta proiektuek zati hori zaintzen zuten bereziki.
Moreauk Hondarribiko hiri gotortua indartzeko eginiko proposamena
Aldaketa handia da imajinatzeko. Antzerako eredurik al da gertu?
Bai, Donostiako eta Iruñeko harresiak oso antzerakoak ziren, proiektu paraleloak zirelako. Gehienbat Iruñekoak dira oso berdinak, Moreauk Hondarribirako proposatzen duen proiektu baten planta Iruñean egin zen Printzearen gotorlekuaren berdin-berdina da, kalkatua, zaindarien etxea eta dena. Baina Iruñean ere asko ez da gelditzen, txikitu zutelako.
Ostegunean aurkeztuko duzu ponentzia, ondareen foroaren barruan. Jardunaldien helburu nagusia da herriko ondarea balioan jartzea. Horrek esan nahi du, batetik, badela zerbait balioan jarri daitekeena, eta bestetik, ez orain arte nahikoa baloratu. Ados al zaude horrekin?
Gauza da Hondarribian gauza asko ditugula, eta asko dagoenean geratzen da zerbaitek estaltzen dituela besteak. Esaterako, harresien presentzia behean oso handia da eta horrek ezkutuan uzten du Guadalupeko gotorlekua, garrantzitsua izanda ere. Edo Portua… Eta arkitektura aldetik oso garrantzitsua da Hondarribia, eta ondare ukiezinean ere.
Eta orain ari dira ondare arkitektonikoari garrantzia ematen, ari dira bisita gidatuak antolatzen, publikazioak argitaratzen… ari dira horretan. Agian begiradak beti jartzen dira gauza batzuetan, adibidez harresiei dagokienez garai jakin batzuetan, eta badira beste garai batzuk oso estudiatuak ez daudenak eta euren garrantzia badutenak. Portua, adibidez, ez dago oso ikertua eta hemengo harresien antzinatasun berdina du. Asko dago egiteko.
Diez Oronoz, Erreginaren baluartean
Zure hitzaldiarekin batera, erakusketa jarriko duzu paradoreko patioan, zure ponentziari lotuta.
Bai, bi zati ditu. Bata, Guadalupeko gotorlekuari buruz, Hodei Abaurreak egindako proiektu baten moldaketa da. Eta beste zatia nire tesinari buruzkoa da, marrazki batzuk eta azalpenak. Lehen esan bezala, nire gaia ez dago oso aztertuta, eta orain arte dagoena ez dago irudiekin lagunduta, horregatik jendea harrituko da, dokumentazio guztia grafikoki aztertu dudalako.
Beste zerbait duzu buruan? Hondarribian beste zerbait ikertzeko?
Lehenengo, tesina aurkeztuko dut, ekainean nahiko nuke egin. Gero Italiara salto bat egingo dut, baina hemen badago asko aztertzeko, gehienbat garai horiek. Asko dago XVI. mendetik XVIII.eko hasiera arte, baina horren ondoren eta aurretik gutxi ikertu da. Eta hiribildua sortu aurretik zer zegoen, hori ere ez dago oso aztertuta, eta hiribilduak funtzio militarra galtzen duenetik herrian izandako eraldaketa prozesua.
Hortaz, begiak Italian jarriko dituzu, baina ez duzu baztertzen herrian ikertzea.
Ez, ni beti nago harresiak gora harresiak behera, eta nik uste jarraituko dudala ikertzen.