Peruko liburutegi nazionalean XVII. mendeko hainbat plano argitaratu gabeak aurkitu dituzte eta liburu batean bildu. Gaur aurkeztuko dute, III. Hondarribiko Ondareen Foroaren ondare arkitektonikoari dagokion atala abiatzeko.
Astelehenean hasi zen III. Hondarribiko Ondareen Foroa
gastronomiari lotutako ekitaldiekin, eta gaur abiatuko dute ondare arkitektonikoaren arloa (egitarau osoa beheko estekan), Latinamerikako Arkitekturako Dokumentazio Zentroko (Cedodal) presidente Ramon Gutierrezek arratsaldeko zazpietan udaletxeko areto nagusian emango duen hitzaldiarekin.
Foroaren aurkezpeneko une bat
Peruko liburutegi nazionalean aurretik argitaratu gabeko XVII. mendeko zenbait hiri gotortuetako hainbat plano aurkitu dituzte eta horien artean Hondarribikoak, Euskal Herriko beste lekuetakoak eta Espainiakoak daude. Plano horiek liburu batean bildu dituzte eta gaur egingo dute liburu horren aurkezpena. Horri lotutako hitzaldia emango du Gonzalezek,
Perun aurkitutako XVII. mendeko Hondarribiko, Euskal Herriko eta Espainiako kartografia goiburuarekin.
Bihar, osteguna, solasaldien eguna izango da, Paradorean. Goizez, Pirinioetako hainbat hiri gotortuen gainean jardungo dute, horien kudeaketa aztertuz, eta euren arteko harremanak sendotzea proposatuko dute. Besteak beste, Baiona, Iruñea, Jaca edota Navarrenxeko ordezkariak izango dira.
Eta arratsaldez, gazteluan ere, hainbat hitzaldi izango dira, Europa eta Amerikako Hiri Gotortuak goiburuan bildutakoak. Horien artean, Aritz Diez Oronoz arkitektu hondarribiarrak
Hondarribiko harresiak Berwickeko dukearen setioaren ondoren 1719-1795 goiburuko ponentzia landuko du. Hiriko harresiaren gainbeherako garaiaz mintzatuko da Diez Oronoz, beste garai batzuekin konparatuz, gutxi ikertu den garaia da hori.
Gai horri lotuta, Luis de Langot eta Pedro Moreau ingeniarien proiektuen inguruko erakusketa irekiko dute paradoreko patioan, 18:00etan. Hondarribiarrak bere hitzaldian landutakoa modu grafikoan osatzen duen erakusketa da eta XVIII. mendeko harresia indartzeko egin ziren proposamenak biltzen ditu. Dudarik gabe, bisitariak harrituko ditu Diez Oronozek prestaturiko erakusketak.
Ondareen Foroa. Ondare arkitektonikoa