Aitor Baztarrika HITZAko kolaboratzaileak Pexperlantak taldeko Oinatz Ortizi eginiko elkarrizketak sekulako zalaparta eragin du. HITZAk jakin izan duenez, Klaro kon Gasek —bigarrenak— liderrei dopinaren kontrako azterketa egitea eskatu du. Pexperlantek salaketa jarri dute kazetariaren kontra, “esan zigulako ez zegoela grabatzen”. Eta HITZAko zuzendariak dio ez dakiela nor den Baztarrika.
Ruz epaileak jada esan du ez dela konpetente hau guztia epaitzeko eta Estrasburgeko Giza Eskubideen Epaitegi Bereziari esku hartzeko eskaera egin dio. Carlos Urkijok eskaera babestu du eta denentzat gartzela eskatu du, “bereziki goitibeheran bengalak erabili zituztenentzako”. Hona hemen hautsak harrotu dituen ustezko elkarrizketa:
Ortiz, azpian elastiko gorria duela, taldetik tiraka herri kirolen proban
2015. urteko Herri Olinpiaden amaierarako bi proba besterik ez direnean falta, Pexperlantak taldeko Oinatz Ortiz elkarrizketatu dugu. Sailkapenaren lehenengo postuan dagoen taldea da, Klaro kon gas atzetik dutela. Beraien lehenengo esperientzia olinpikoaren ingurukoak kontatu dizkigu Ortizek, tartean, goi mailan egoteko sekreturen bat ere.
Aurtengoa parte hartzen duzuen lehenengo aldia da eta jada lehenengoak zaudete. Aurreko urtea prestaketa garaia izan zen?
Aurreko urtian konpromiso sozial asko genituen kuadrilan: despedidak, ezkontzak, etab. Aurten lehian zentratuagoak egongo ginelakoan apuntatu ginen, eta horrela izan da. Hala ere, gure gaztetxo garaitan olinpiada zaharrak ezagutu genituen eta aurreko urteko giroa ikusita gogoa sartu zitzaigun.
Lehenengo postuan egoteko esfortzu bereziren bat egin duzue edo hasiberriaren zortea izan da?
Nahiz eta lehenengo urtia izan, ez gera gaztetxo batzuek eta gure esperientzia badugu ere. Egia esan, talde oso konpletua gera: kirolariak, artistak, mekanikuak, farreruak, denetarik dugu, eta honek laguntzen du. Hala ere, ez genuen liderrak izatea espero baina postu nobleetan sartzeko borrokan egotia bai.
Beraz, zein da konstantziaren sekretua?
Esan dudan bezela talde konpletua gera. Gainera, talde guztiaren inplikazioa oso altua da, eta hasieratik goikaldean egoteak aurrera jarraitzeko indarra ematen digu. Kaniketara galtzia ere ez zaigu gustatzen eta horregatik dena ematen dugu, hori da sekretua.
Pexperlantak da zuen taldearen izena. Nondik dator eta zergatik izendatu zineten horrela?
Pexperlanta ustez arrai bat da baina kuadrilako baten attak espresio hau asko erabiltzen zuen: “Aiza! Pexperlanta hi!” eta whatsapp-eko taldia egin genuenian, kuadrilako honek izen hau jarri zion taldeari.
Parodian sekulako ikuskizuna eman zenuten. Ideia sortzetik taula gainerako prozesua nolakoa izan zen?
Ideia, parodia aurreko larunbatian bururatu zitzaigun kuadrilako baten neskari esker. Gero, astean zehar bakoitzaren egin beharrak banatu genituen (batek kaiola egin zuen, besteak fotokopiak, besteak egurrak lortu, …) eta ostegunean lehenengo aldiz ensaiatu genuen. Sare sozialetatik gainera, nahiko “bombo” eman genion gure parodiari eta egia esan nahiko urduritu ginen espektazioaren alturan egongo ez gineraren beldurrez. Azkenik, egunean bertan Valentzitik ekarritako likore batek lagundu zigun beldur eszenikoa uxatzen eta bakoitzak duen artista puntua ateratzen.
Goiti-beheretan parte hartzeaz gain, probaren antolatzaile izan zarete. Nola joan zen eguna?
Bionttuak, Alaxka ta baxka eta Mixikuak-ekin batera, proba honen antolakuntzan parte hartu dugu bai. Esan behar da, kriston lana egin dutela 3 talde hauek eta lan honen isla izan dela azken emaitza. Dena uste baino hobeto atera zen, istripu larririk gabe.
Gure aldetik konten gaude bi egunetako emaitzekin, kriston lana egin dugulako gure goitibera egiten. Esan behar da ere, antolakuntza taldeari oso susmagarria iruditu zaiola talde batzuek aurkeztu zituzten goiti-beherak, helburua, taldeak berak egitea zelako eta aurkeztu ziren batzuek sekulako “pepinoak” zirelako. Ruz epaileari gure erreklamazioa igorri diogu eta haren erantzunaren zain gaude.
Oraindik beste bi proba gelditzen dira (Kirol eguna eta Altxorraren bila). Nola ikusten zarete azken bi erronka hauetarako?
Bi frogatan lehenengo hamarren artian sartzia izan behar da gure helburua. Aukerak baditugula uste dugu, gainera, oraindik martxan jarri ez dugun arma sekretu bat daukagu.
Klaro kon gas taldea gogor dabil zuen atzetik. Elkarren arteko pikea nabaritzen da?
Badugu pikea bai, pike familiarra, gure kuadrilako bat eta Klaro kon gas-eko beste bat anai-arrebak direlako. Bestalde, uste dugu oso ondo hasi zirela baina pixkanaka gasa galtzen ari direla. Ikusiko dugu ea azkenean ardo txar batean besterik ez diren gelditzen.
Bukatzeko, herri olinpiaden balorazio orokor bat.
Gure ustez, balorazioa oso ona da. Gazteak gauzak antolatzeko martxan jartzia, herrian giroa sortzeko gauza ederra da. Oso gauza gutxi daude Hondarbiyan 400 gazte mobilizatzeko eta olinpiadek hori egiten dute. Gainera, parte hartzen dugunetaz aparte, ikusle asko hurbiltzen da olinpiadetara, goiti-beheren proban eta parodian adibidez. Gaztiak hau dena antolatzeko kapazak izatiak, indarra eman behar digu olinpiaden istorio honekin urtetan jarraitzeko eta herrian bertan gazte mugimendua indartu eta guretzat gauza gehiago antolatzeko.
[nggallery id=26]