Hasieran partida orekatua izango zela zirudien arren, markagailuan aurrera egiten jakin zuten beltzek
Irun RTko Martinez eta Negre Gaztediren aurkako partidan (Irudia: Nadine)
Plaiaundiko errugbi zelaian lehiatu ziren larunbatean Gasteiztik iritsitako Gaztedi taldea eta Irun RT. Partidaren hastapenetan oreka nagusitu arren, Irungo taldeak garaipen zabala eskuratu zuen azkenean. Emaitzak sailkapenaren hirugarren postura eraman ditu beltzak.
Hala, partida hasi eta 32. minutura arte ez zuen markagailua ireki talde bisitariak (14-5). Hala eta guztiz ere, ezustekorik gabe igaro ziren minutuak. Irunek markagailuan aurrera egin arren, Arabako taldeak ezer gutxi egin zezakeen beltzen aurrean. 80. minutuan lortu zuen kanpoko taldeak hurrengo entsegua eta hori eraldatzeko saiakerak huts egin ondotik bukatutzat eman zuen epaileak partida.
40-10 aldeko emaitza eskuratu zuen azkenean Irun RTk. Datorren larunbatean Iruñeko La Unica taldearen aurka lehiatuko dira beltzak etxetik kanpo finkatutako hitzorduan (16:00).