Aurten ere sendo ari da kadeteen lehen taldea. Errematatzea falta zaie, igotzeko.
Beti Gazteren kontra Lesakan 0-1 irabazita, Hondarribiak pausu handia egin du datorren urtean ere Ohorezko Mailan jokatzeko asmoan. Sailkapenean hamaseigarren jarri dira berdeak eta Usurbil atzean utzi dute, nahiz eta usurbildarrek partida bat falta duten jokatzeko. 23 puntu ditu Hondarribiak, Bergarak bezala, eta bat gutxiago Usurbilek. Atzetik, oso atzetik, Antzuola dago, 12 punturekin eta mailari eusteko ia bat ere aukerarik gabe. Aurretik, Zarautz eta Aloña Mendi 24 punturekin daude, eta urrutiago, Lasarte-Oriako Ostadar 30 punturekin.
Gauzak horrela, bost taldek borrokatuko dute Antzuolarekin maila galduko duen beste taldea edo taldeak —orotara, bi edo hiru izango dira—, ez izateko helburuarekin: Zarautz, Aloña Mendi, Bergara, Usurbil eta Hondarribia.
Hurrengo asteburuan Elgoibarren kontrako partida dute bikingoek. Ez da aurkari erraza, baina partida etxean da eta hori baliatu nahiko dute hondarribiarrek. Lehen itzulian golik gabe bukatu zen bi taldeen arteko lehia.
Kadeteen bolada ona
Hondarribiko nagusien bigarren taldeak ezin izan zuen asteburuan puntuatu, eta etxean gadu zuen Allerrurekin (0-2). Atzetik segika duen Mundarrok ere galdu zuen eta hamahirugarren postuari eutsi diote berdeek.
Gainontzeko taldeei dagokienez, mutil kadeteen lehen taldearen garaipena nabarmendu behar da, 7-0 gainditu baitzuten Anaitasuna. Garaipenak igoera faseko bigarren multzoko lidergoa hartzeko balio izan du, Martutenek galdu zuelako. Hurrengo asteburuan bigarren itzulia hasiko du Hondarribiak, azkenaren kontra.
Eta Haurren Mailako nesken bigarren taldeak egindakoa ere aipatu behar da. Txukun ari dira egunetik egunera hobetzen eta larunbatean lehen puntua eskuratu zuten Kopan, Oiartzun Bren kontra.