Yarza eta Goikoetxea, aurreko astean, entrenatzen
Aurten bai, aurten podioko goiko koskara igo da Lidia Yarza hondarribiarra gazteen Espainiako Judo Txapelketan. Larunbatean egin zuten Pinto herrian (Madril), eta Yarzak ez zuen aurkaririk eduki bere pisuan (+78 kilo). Iaz bigarren geratu zen juniorretako lehen urtean baina aurten urrezko domina janztea lortu du. Aurreko astean
HITZAri eskainitako elkarrizketan, irabazteko aukerak bazituela onartu zuen hondarribiarrak.
Finalean Marta Anton kataluniarra menderatu zuen Yarzak,
ippon bidez. Aurretik, Salema el Oumari eta Mariam Rahmatian madrildarrak eta Aixa Delgado kantabriarraren kontra irabazita zegoen, hiru borroka horiek ere ippon bidez.
Oier Goikoetxea taldekideak ere bidaiatu zuen Pintora. Pisu oso lehiakor batean aritu zen Goikoetxea (-60) eta ez zuen zorterik izan. Aurreneko borrokan galdu zuen Brais Lopez galiziarraren kontra eta ez zuen repeskan parte hartzeko aukerarik eduki. Lehen urtea du juniorretan hondarribiarrak.
Herrerok ere, urrezkoa
Euskadiko Federazioa zazpi ordezkarirekin lehiatu zen Pinton eta bi aldiz igo zen podiora —Nafarroak beste bederatzi judoka eraman zituen, eta bi domina lortu—. Yarzak lortu zuen Euskadirentzat urre bakarra, eta beste domina, zilarrezkoa, Oarsoaldeko kirolari batek eskuratu zuen: Xabier Cazorla bigarren izan zen -73 kiloetan.
Maitane Herrero irundarrak ere urrezko domina jantzi zuen Pinton (-63), baina Valentziako federazioa indartsuaren ordezkari bezala. Valentzian bizi da orain Bidasoa Judo Taldeko kirolari izandakoa.