Igandera bitartean, ondare gastronomikoa eta arkitektonikoa landuko dute III. Hondarribiko Ondareeen Foroan. Gastronomiako Hiri Sortzaile izendapena duen Tsuruoka hiriko gonbidatuei harrera egin diete goizean.
Ekialde Urruneko giroa izan du III. Hondarribiko Ondareen Foroaren abiatzeak, Japoniako Tsuruoka hiriko gonbidatuei eginiko harrerarekin. Arma Plaza Fundazioak eta Hondarribiko Udalak antolatuta, Hondarribiko ondare arkitektonikoa eta gastronomikoa aztertzeko hainbat ekitaldi egingo dira, eta turismo kulturala kudetazen eskarmentua duten beste herrien esperientziak ere aztertuko dituzte.
Gastronomiak leku handia hartuko du aurten ere, jardunaldietan. Horregatik, harrera berezia egin die goizean Aitor Kerejeta alkateak Unesco erakundeak Gastronomiako Hiri Sortzaile izendatutako Tsuruoka hiriko sukaldari eta teknikariei. “Ohore bat da Hondarribiarentzat Tsuruokako delegazioa jasotzea, eta bertan egiten den sukaldaritza lan handia nolakoa den ikustea eta ikastea. Ziur nago beraiek ere ikasiko dutela Hondarribiko ostalariek duten jakituria handiaz eta denen artean lan ona egingo dugula”.
Hala, japoniarrek dagoeneko aukera izan dute zerbait ikasteko, Yoshiyuki Oshita sukaldariak onartu duenez: “Orain artean oso esperientzia polita izan dugu. Atzo kokotxak ezagutu genituen, Japonian ezezagunak direnak. Arrainarekin Euskal Herrian eta Hondarribian egiten den lana ikastera gatoz, beste zenbait helbururen artean. Ikasteko eta erakusteko asko daukagu-eta”.
Jardunaldi guztiak ezagutzeko, bisitatu
armaplaza.eus webgunea.