Martxoak 8 Emakume Langileen Nazioarteko Egunarekin batera jakitera eman dituzte irabazleak
Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketaren sari banaketa
“Erabat arrakastatsua”. Horrela definitu zuen Oihana Etxebarrieta Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformako kideak Asun Casasola Ipuin Motzen Lehiaketan izandako parte hartzea. 100 idazlanetik gora jaso dituztela jakitera eman zuen Etxebarrietak atzo Urdanibia plazan sari banaketa egiteko antolatutako ekitaldian.
Martxoaren 8arekin bat eginez, herritar ugari gerturatu zen Moskuko plazara atzoko egunean. Irabazleen berri eman aurretik hainbat idazlanen irakurketa egin zuten Ander Arzakek, Joana Otxotekok, Aitor Errazkinek eta Mikel Gartziak, Jon Martinez Santamaria musikariaren laguntzarekin.
Bi sari banatu zituen epaimahaiak denera: bata euskarazko kategorian, eta bestea, gaztelerazkoan. Eneritz Duesok, Rosa Arburuak eta Itziar Gomezek osatu zuten euskarazko epaimahaia eta Eibarretik iritsitako Onintza Irigoien Azpitarteren
Milaka izen dituen protagonista izenpeko idazlana hautatu zuten irabazle.
Gaztelerazko kategorian bestalde, Alfonso Sastrek, Mertxe Tranchek, Javier Gilek eta Asun Casasolak osatu zuten epaimahaia. Asturiasetik iritsitako Yose Alvarez Mesaren
Travesia de cristal aukeratu zuten garaile.
Asun Casasola kontent agertu zen lehiaketak izandako parte hartzearekin. Antolatzaileei eta gerturatutako lagunei eskerrak eman nahi izan zizkien, “baita hain hitz politak eta hainbesteko sentimenduarekin idatzi dituztenei ere. Ez ginateke gai honi buruz hitz egiten aritu behar, baina hau da errealitatea eta hor dago. Hau aldatzeko lanean jarraitu behar dugu, denak berdinak garela demostratzeko”.
Bukatzeko, Etxebarrietak hartu zuen hitza eta mezu argi bat helarazi nahi izan zuen: “egunero-egunero jarraitu beharko dugu, noizbait ere, kontaketa hauek historikoki gertatutako zerbait irudika dezaten”.