"Hain gaizki bizi izan ginen, orain denarekin disfrutatzen dut"
Pepita Goikoetxea Lekuona, Martxoaren 8an omenaldia jasoko duen emakumea. Astean bi egunez eskolara joaten da, beste bitan tai-chira, eta ia igandero mendira. Etxean tabletan sudokuak egin, eta irakurri. Estu bizitzea zer den badaki, baina orain, 85 urterekin, bizipoza dario.
Omenaldia egingo dizute etzi. Nola zaude?
Urduri… Pasatzeko desiatzen. Ez zait gustatzen horrelako saltsetan egotea, baina tokatu zait. Baietz esan dut nire amaren ohorez, nire amak nahi zuen nik estudiatzea eta ni arinago ateratzea, eta haren ohorez, hari eskerrak emateagatik hartuko dut igandeko apurua.
Noiz jakin zenuen aurtengo omendua zu izango zinela?
Duela hiru bat aste edo, baina lehenbiziko bi asteetan esan nuen ‘ez naiz akordatuko’, eta ez diot kasurik egin, ez nuen horretan pentsatu nahi.
Emeki elkartearen omenaldia da, herriko emakumeena. Polita da hori, ez?
Hori da, omenaldia egiten diote urtero emakume bati, eta niri iruditzen zait emakume hori dela denen errepresentazioa, ez da nire gauza bakarrik, baizik eta niri, bai, baina denen ordezkari.
Eta alabari galdetuta. Zergatik merezi du amak omenaldia?
Gartzia: Nik uste dut merezi duela. Etxean garbi dugu, ama berezia dela. Ez da gure gauza bakarra, etortzen diren lagunek, denek esaten dute. Lankide bat dut esaten didana ‘nik zure ama bezalakoa nahi dut izan zahartzen naizenean’. Eskolara joaten da, eta tai-chi egiten du, 85 urte ditu, eta oso animatua beti. Orain ezin du mendian ibili, eta orduan, Maribelekin [beste alabarekin] joaten da goiko paradorera kotxez, eta lehenengo gazteluraino jaisten dira, eta igo berriro.
Goikoetxea: Maribelek [medikua da] esaten du bitamina J hartzen dudala horrela, Jaizkibel bitamina. Eta egia da, joaten naiz horra eta etortzen naiz arin-arin. Mendia asko gustatzen zait, eta egia da denari alde ona ateratzen diodala ere.
Eta nolatan, 85 urte edukita, oraindik ikasketak bukatu gabe izatea?
Buruarentzako gimnasia da, gimnasia mentala. Bi egunetan joaten naiz Soroetara [Helduen Irakaskuntza Zentrora], bi ordu egunero, batean matematika eta bestean sociales. Niretzat errepasatzea da, eta batzuetan aspertzen naiz [suabe esan du, burua jaitsita], baina ona da berriro jende artean eta lagun artean egotea, eta gustura egoten gara.
Eta gero Maribelek Internetetik aljebrako apunteak jaitsi dizkit, aspaldi egin gabe ditudanak, eta horiekin ari naiz, ni nire kontura. Eskolakoak, txikitan ikasitakoak ditut, eta pixka bat errepasatzea da; nik eskola ariketa mentala bezala hartzen dut.
Gaztetan zer ikasi zenuen?
Batxilerreko 4. mailaraino, eta gero idazkaritza egin nuen. Eta hamazazpi urterekin kristalezko potoak egiten zituen La Frasqueria Guipuzcoana fabrikan ibili nintzen lanean, Altzan, kontabilitate laguntzaile bezala. Farmazientzat eta antzerako potoak egiten zituzten. Han egon nintzen urte eta erdiz, baina etxera itzuli nintzen. Etxean premia zuten, eta nire borondatez utzi nuen lana. Etxera etorri nintzen, eta gero, hemengo bizitzan eta hemengo saltsan.
Portuan beti? Hasieran Portuko etxe batean. Gero Kalera joan ginen [Alde Zaharrera, kaletarrak esaten zaie bertakoei]. Amaren etxean ezkondu ginen, Barriotxinuan. Lau anai eta bi osaba bizi ziren etxean, ama eta nirekin. Ama alargun geratu zen nik lau urte nituela. Berak ere lau anai izan zituen, eta bera bakarrik neska; ni berdin ikusten ninduen, eta babestu nahi izan ninduen. Horregatik nahi zuen nik ikastea eta lan egitea, etxetik kanpo. Ezkondu eta gero Bentan lan egin nuen. Arraina handizka erosten genuen, Bartzelonara bidaltzeko. Besteen kontura egiten genuen lan; enpresak esaten zigun zein preziotan erosi eta horrela. Horretan egiten genuen lan senarrak eta biok. Nik etxean goizean eta gizonak bagoi fabrikan [CAF lantegian, Irunen] egiten zuen lan, eta handik etortzen zenean nirekin Bentan, laguntzen, bukatu arte. Ordu asko? [Arnasa bota du] Lehengo Benta txikian egin genuen lan, arratsaldeko seietan hasten zen, eta seietan, zortzietan, hamarretan eta hamabitan zeuden bentak, eta gehienetan hamarretan edo hamabitan erosten genuen, prezioa arrimatzen zenean. Ohera betiro berandu, baina tira. Ordurako Kalean bizi ginen, Denda kaleko etxe batean, musika eskolaren parean. Zuk [alabari zuzenduta] lau urte izango zenituen, eta Maribelek sei. Orduan, Portutik ateratzea beste herri batera joatea bezala zen. Etxe txikia zen, oso moñoñoa, eta han bai, han egon ginen senar-emazteak bakarrik, bi alabekin. Baina bizitza Portuan egiten nuen, Kaletik beti Portura jaisten nintzen, lana behean egiten genuelako. Etxe ondoan bagenuen denda txiki bat, eta erosketak han egiten nituen, baina harremanak, bizitza jarraitzen nuen Bentan egiten. Benta berria egin zutenean, orain aparkalekua dagoen tokian, hor lan pixka bat egin nuen, baina hor benta hasi ziren goizean egiten, eta nik goizez ezin nuen, senarrak ezin zidalako lagundu, fabrikan zegoelako. ‘Zer egingo dut? Bentan lan egin eta neskamea hartu etxean? Horretarako geratuko naiz ni etxean’, pentsatu nuen. Eta hala egin nuen. Gerora nahiko saltsazalea izan zara. Garai hartan, baina, astirik ere ez, pentsatzen dut. Ez. Hauek [alabengatik] handitzen hasi zirenean, eskolako martxa zuten, ni ja etxean geratua nintzen, gero Migel [senarra] jubilatu zen, eta orduan hasi ginen Kasino Zaharrera joaten [Hondarribiko adinekoen etxea]. Eta biak juntarako hartu gintuzten. Nik esan nuen, ‘biak izan behar da, ni alde batera eta zu bestera, hori ez’, eta biak sartu ginen. Gizonak korua formatu zuen, eta gimnasia egiten genuen, baita antzerkia ere, biek. Bizitza asko egin dugu hor. Eskolara ere joaten nintzen orduan, Soroetara, eta gizona ere joaten zen. Mendira ere joaten ginen, igandetan, Guadalupera.«Batzuetan aspertzen naiz eskolan, baina ona da betiro jende artean egotea» «Etxean premia zuten eta nire borondatez utzi nuen lana. Gero, hemengo saltsan»
Dantza ere egin izan duzu. [Isilik geratu da, ezezkotan bezala]. Sabel dantza behintzat bai! Zeinek kontatu dizu hori! [Barrez] Bueno! Antzerki batean egin nuen. Teatroan denetik egiten nuen, eta batean sabel dantza egitea tokatu zitzaidan. Hara joan nintzen, zuk [alabari] utzitako satinezko pijama zuri batekin, botoi batzuk jarrita… Nahiko barre egiten genuen. Ondo pasatzen genuen. Bizipoza. Olagarro Abesbatzan ere abestu zenuten, alabekin. Bai, biak ibili ginen Olagarron ere kantatzen, urte pare batez. Gartzia: Asko disfrutatu dugu etxean kantatzen. Amak ez hainbeste, baina aitak bai [baietz esan du Goikoetxeak]. Oso kantaria zen, edozein bazkaritan beti bukatzen genuen abesten. Olagarrokoa ez dakit nola sortu zen, baina gu kantatzen hasi ginen Olagarron eta urte batean biak [amari zuzenduta] etorri zineten. Ondoren sortu zen Kasino Zaharreko korua, eta orduan beraiek joan ziren. Ez zegoen oraindik korurik eta hasi ziren bere kabuz. Inork ez zekien ezer ez musikaz, ezta zuzentzen ere, eta joan ziren Legazpira [Goikoetxea barrez hasi da], zaharren egoitzen kontzentraziora, aita zuzendari zela; ez zekiten ez kantatzen, ez zuzentzen, ezer ere ez. Baina sekulako giroa egon zen. Duela gutxi hil zen senarra. Bai, Gabonetan hiru urte. Eta bitartean beti elkarrekin, lanean Bentan, eta jubilatu zenean Kasino Zaharrean, eta etxe honetara [Butroi pasealekuan bizi da orain] etorri ginenean, mendira… Bete dugu gure denbora, ondo. Ja ez zara duela urte batzuk bezain beste mugitzen, ez? Jai, egoten naiz lasai, aritzen naiz sudoku-ak egiten tabletan… Baina gero agindua dut Maribelena goiz eta arratsaldez atera behar dudala kalera, eta egiten dut, bi egun joaten naiz eskolara eta beste bi egun tai-chira. Egun horietan atera behar dut nahitaez, eta gero ibiltzen gara, ia igandero Guadalupera joaten gara, orain kotxean. Lehen joaten ginen oinez. Gure bigarren etxea bezala da Guadalupe, han asko maite gaituzte. Hamaiketako fuertea egiten genuen, etxera etortzen ginen listo, bazkalduta. Egun batean hango andreak galdetu zidan, ‘barkatu atrebentzia, baina gero zer bazkaltzen duzue?’, eta nik erantzun ‘Zer bazkaldu! Hau da gure bazkaria!’. Esan zigun, ‘hauek bakailao tortilla jan, eta gero gazta jan, eta gero kafea hartu, eta hauek gero zer bazkaldu behar dute?’. Hamabiak, eta gu ja bazkalduak. Eta ohituraz jarraitzen dugu joaten. Kai berrira ere joaten gara igande batzuetan. Paseatzen haraino, pintxo batzuk jan, etxera buelta, eta siesta egin. Gaizki ez zara bizi, bada? Ez. Hain gaizki bizi izan ginen garai batean, orain denarekin disfrutatzen dut, denarekin hartzen dut bizipoza. Mendira joan eta zuhaitzak mugitzen direla, hosto txikiak jaiotzen hasten direla, poza ematen dit horrek.«Portutik ateratzea beste herri batera joatea bezalakoa zen» «Ia igandero Guadalupera joaten gara, kotxez, lehen joaten ginen oinez»
Krisian gaude orain, baina okerrago bizi izan zineten garai batean.
Orduan hala zen, denak berdin ginen. Eskolan ere, ‘habla en cristiano’… Ni, gainera, euskaraz analfabetoa naiz, nire kabuz ikasi dut pixka bat irakurtzen.
Gartzia: Egunero Argia-ren orria irakurtzen du Interneten, eta ostiralero Hitza paperean.
Goikoetxea: Baina behar dut nik lasai egon, ez banago lasai asko kostatzen zait irakurtzea, hitz asko ez ditut ulertzen, baina galdetzen dut. Intentzio guztiarekin. Ez badut eskolan ikasi, amarekin edo kalean ikasi badut, irakurri behar dut ozen, entzuteko; horrela bai, ulertzen dut.
Baina esaten nuen bezala, bai, gure etxean momentu estuak bizi izan ditugu. Ez kanpoko giroagatik edo, ez; etxekoa. Anaiak eta arrantzaleak ziren, eta buru itxiak [keinua egin du, ahoa itxiz bezala].
Gartzia: [Amari] Gainera, zuk pasatzen zenuen aste osoa Donostian eta asteburuan bueltatzen zinen etxera. Amona alarguna, zu, amonaren bi anai, eta lau seme, eta horietako bat elbarria. Eta horregatik esan zuen ‘nik ezin dut hemendik kanpora bizi’ eta lana utzi zuen, etxean laguntzeko.
Goikoetxea: Bai, momentu gogorra izan zen. Baina orokorra zen, herri osoan zen horrela, etxe gehienetan, gerra pasa berria. Gerran osaba Antselmo bando batean eta osaba Xanti bestean, eta gero etxean elkarrekin bizitzen. Bizitza zaila izan zen, orain bizi gara goxo gu. Badira arazo asko, baina nik begiak ixten ditut. Nereak pasatu ditut,; egoista da, baina nik ez dut konponduko ezer, eta nire burua hondatuko dut.
Momentu onak ere izango ziren.
Familian, momentu onak ere bai. Azken finean maite izan gera betiro eta momentu onak izan genituen.
Ba al da zerbait egin ez duzuna, eta pena ematen dizuna.
Ez, ez dut izan denborarik pentsatzeko. Orain egiten ari naiz nahi dudana, eta orain lasai nago. Lehen beti egin beharra zegoen, obligazioa zegoen, eta egin behar nuena egin nuen. Ama hil zenean anaiaren enkargua eta osaba baten enkargua hartu genuen. Ez dakit ondo edo gaizki, baina egin behar zena egin nuen, ahal nuen hoberena. Nik hala sumatzen nuen behintzat. Eta listo.
Bizitza hori utzi nuen, eta kontent. Gero disfrutatu dugu, lehen ezin zena, alabekin bidaiatu dugu, eta oso errespetu handiarekin ibili gera betiro.
Bistan denez, baduzu zer kontatu igandean, egingo dizuten omenaldian.
Eta zer esango dut, jendeaurrean? [Alabari begiratu dio, laguntza eskatuz bezala] Nire amari zor diodala dena, eta beste emakume bat naizela bakarrik, etxekoandre bat, nire gustuekin eta nire goitibeherekin, beste emakume bat.

