Goranzko joerak ez du etenik izan Irungo Rugby Taldearentzat. Arratiko Zekorrak mendean hartu ostean sailkapen nagusiko hirugarren postuan jartzea lortu du. Hala, zortzi dira ja hurrenez hurren lortutako garaipenak.
Gogotsu ekin zion partidari Irungo taldeak eta bederatzigarren minuturako Ugo Poncinik huts eta hirukoa egin zion etxeko taldeari. Hamalaugarrenean iritsi zen irundarren lehen entsegua Carlos Loraren eskutik. Bidasoko taldearen nagusitasuna agerikoa zen eta Arratiakoen ezintasunaren aurrean egin zuen Urko Genuak bigarren entsegua, markagailua 0-8 utzita. Areago, hiru minuturen bueltan baino ez zuten behar izan irundarrek hurrengo entsegua egiteko. Urko Genuarena izan zen ekinaldia, beste behin ere, baina Ugo Ponciniri utzi zion tantoak markagailura igo eta huts eta hogeikoa marrazteko ardura. Beste entsegu bat egingo zuen Poncinik berak minutu gutxira (0-27).
44. minutura arte Arratiko Zekorrek ezin izan zuten markagailua ireki. Orduan lortu zuten, kostata, irundarren defentsan zirrikitu bat ireki eta etxekoen lehen entsegua egitea (7-27).
Bigarren zatian lanak
Bigarren partean indartsu atera ziren Arratikoak eta arazo gehiago sortu zizkieten kanpotarrei eta 56. minutuan bigarren entsegua lortuta 14-27an utzi zuten markagailua. Irundarren erasoak bizitasuna galdu zuen baina defentsan sendo aritzeak utzi zituen bide bazterrean zekorren irabazteko esperantza apurrak. Horrenbestez, 14-27ko markagailuarekin bukatu zen partida.
Igoera postuetan
Heldu den larunbatean Plaiaundin jokatuko du Irun RTk Gaztedi gasteiztarren aurka. Azken garaipena aurreko zazpiei batuta sailkapen nagusiko hirugarren koska lortu dute ja Irungoek, eta igoera disputatzeko
play off postuetan kokatu da. Hor mantentzeko, beraz, gakoa izango da Gaztedikoen aurkako partida.