Hilaren 9tik 15era III. Hondarribiko Ondareen Foroa egingo da, Arma Plaza Fundazioak antolatuta
![Hondarribiko Ondareen Foroa](http://bidasoa.hitza.eus/site/files/2015/03/Ondareen-Foroa-txikia.jpg)
Aierbe, Kerejeta eta Sagarzazu, ondareen foroaren aurkezpenean
Arma Plaza Fundazioak eta udalak antolatuta, Hondarribiko Ondareen Foroaren hirugarren ekitaldia egingo dute hilaren 9tik 15era. Besteak beste, hitzaldiak, erakusketak, eta tailerrak izango dira, eta mundu mailako hainbat adituk parte hartuko du. Pirinioetako bi aldeetako beste hiri gotortuei arreta berezia jarriko zaie —horien artean Baiona eta Iruñea—, eta gastronomiari dagokionez gonbidatu berezi bat izango da: Japoniako Tsuruoka hiria. Paradorea izango da foroko epizentroa, baina beste gune batzuetara zabalduko da, esaterako, herriko jatetxe eta elkarte gastronomiko batzuetara.
Datozen egunotan jakingo da gehiago egitarauaz eta etorriko diren adituez, baina gaur zertzelada batzuk eman dituzte udaletxean egin den lehen aurkezpenean. Bertan izan dira Aitor Kerejeta alkatea eta fundazioko presidente dena, Txomin Sagarzazu Kultura zinegotzi eta Arma Plazako presidenteordea, eta Miren Aierbe, erakundeko dinamizatzailea.
Alkatearen arabera, aurreko bi ekitaldiek balio izan dute erakusteko Hondarribiko ondarearen balioa zein den: “Bi elementu garrantzitsu ditugu herrian, ondare arkitektonikoa eta ondare gastronomikoa, eta hori baloratzen jakin behar da, etxetik hasita”. Alkateak gaineratu duenez, “ondarearen bidez ekonomia sortzea”, da ondareen foroaren azken helburua, eta Hondarribiak hori lor dezake, “altxorra dugulako”.
Bide beretik mintzatu da Sagarzazu; bere ustez tokiko ondare arkitektonikoa nahiz gastronomikoa sustatze bidean Hondarribiak oraindik asko du ikasteko eta ondareen foroa probestu behar da horretarako. Hala, hainbat unibertsitatek parte hartuko dutela jakinarazi du eta “ingurune gotortuak kudeatzeko aholkuak” emango dituzte. Halaber, “mugako herri gotortuen arteko lanketa egin ote daitekeen aztertzeko” balioko dute datorren asteko jardunaldiek. Baiona, Iruñea, Figueres, Jaca eta Navarrenx hirietako ordezkaritzak izango dira, besteren artean.
Berezitasuna, “eboluzioa”
Miren Aierbek azaldu ditu foroaren nondik norakoak. Hiru gai nagusi landuko dira: eremu gotortuak ingeniaritza militarraren ikuspegitik, Pirinioetako beste hiri gotortuak, eta gastronomia. Hiruretan sakontzeko, hitzaldiak, erakusketak, tailerrak eta abar antolatuko dituzte. Eta Aierbek aurreratu zuenez, ezohiko liburu baten aurkezpena ere jasoko du III. Hondarribiko Ondareen Foroak: “Egun ez da batere normala hiri gotortuen plano berriak azaltzea, eta Peruko liburutegi nazionalean hainbat agertu dira, horien artean Hondarribiko bat”. Orain arte argitaratu gabeko hainbat plano bildu dituzte, eta liburua prestatu horiekin.
![Miren Aierbe](http://bidasoa.hitza.eus/site/files/2015/03/Miren-Aierbe-txikia-187x300.jpg)
Miren Aierbe
Hiriko planoak hain urruti agertzeak ondo baino hobeto azaltzen du Hondarribiak hiri gotortu bezala izandako papera, eta fundazioko dinamizatzailearen arabera, hiriak aukera du garrantzia hori eguneratzeko: “Hondarribiak berezitasun bat du, eta hori da bere baitan jaso izan duela ingurune gotortuaren eboluzioa, erdi arotik XX. mendera arte; eta gainera, mugan egin du, eta xehetasun hori garrantzitsua da, ez baita ohikoa”. Aierbek nabarmendu du ez dela batere arrunta hiri berean bi eremu gotortu garrantzitsu izatea, Hondarribiak Hirigune Historikoa eta Guadalupeko fuertea dituen bezala.
Datorren astelehenean hasiko da II. Hondarribiko Ondareen Foroa. Sagarzazuk gogorarazi duenez, Arma Plazak tresna berria du urtarriletik,
armaplaza.eus webgunea, eta foroari buruzko informazioa zabaltzeko baliagarria izango zaie. Ostegunetik aurrera, III. Hondarribiko Ondareen Foroari buruzko egitarau osoa eskegiko dute bertan.