Barça taldeko Leire Landa irundarrari elkarrizketa.
Leire Landa futbolari irundarra Bartzelonaren entrenamendu batean
Barçan ari da jokatzen Leire Landa irundarra; lesio batek zelaietatik urrundu du luzaroan, baina gogotsu itzuli da, baloiarekin gozatzeko grinaz, bizitzaren gozo zein gaziek emandako eskarmentuaz
Zazpi hilabete eman dituzu jokatu gabe, lesio larri baten ondorioz. Zelaira bueltan nolako sentsazioak ditu Leire Landak?
Egia esan, denbora asko pasatu da lesionatu nintzen momentutik, eta dena azkarregi igaro da. Barçarekin itzuli naiz, baita Espainiako selekzioarekin ere. Gogotsu itzuli naiz, eta berriro ere futbolaz disfrutatzen ari naiz.
Nahiko une erabakigarrian hartu zenuen min, iazko Espainiako Kopako finalean. Belauneko lotailu gurutzatua hautsi zenuen. Une gogor hura nola gogoratzen duzu gaur egun?
Egia esan, orain beste modu batera ikusten dut, baina gogoratzen dut momentua oso-oso zaila izan zela, banekielako belauna hautsi nuela. Beste belauneko lotailua ere hautsi nuen aspaldi, sentsazioak berdinak ziren, eta argi izan nuen lehen unetik belauna hautsi nuela.
Zaila izan zen. Mundua etorri zitzaidan gainera, baina azkenean poliki-poliki hilabeteak pasatzen joan dira, lan asko egiten aritu naiz, eta bueltan nago berriz ere.
Athleticeko jokalari zinen orduan, Bartzelonarekin kontratua hitzartuta, baina oraindik sinatzekotan. Beldur izan zinen uneren batean?
Etorkizuna ilun ikusi nuen momentu hartan. Etorkizunerako planak eginak dituzu, eta dena etortzen zaizu gainera. Dena bertan behera geratuko zela pentsatu nuen. Lesio bat inoiz ez dator momentu onean, baina hura gehiegizkoa izan zen. Baina Bartzelonarekin hitz egin nuen, eta haiek euren konpromisoari eutsi zioten. Egia esan, oso eskertuta nago. Pentsa! Horrelako lesio larriarekin ere hona etortzeko aukera izan dut, eta pozik.
Egoera zailei aurre egiten eskarmenta baduzu. Minbiziari gerra irabazitakoa zara, 9 urterekin Burkitten linfoma detektatu eta gero. Esperientzia horrek nola baldintzatu ditu gerora zure bizipenak?
Beti esan dut, belauna konpontzea badagoela, ebakuntza egin eta konpondu egiten da. Minbiziarena beste kontu bat da, latzagoa. Hortik ere atera nintzen, eta egunero gogoratzen dut hori, baina, egia esan, ematen duena baino ahulagoa naiz. Zentzu horretan ere, esan daiteke, horrelako lesio bati aurre egiteko orduan lagungarria izan daitekeela. Belauna ez da hil ala biziko zer edo zer. Konpondu eta itzuli egin naiz. Azkenean, lan eginez, hemen nago berriz ere.
Irundarra zara, baina Oiartzun izan zen zure lehen futbol taldea. Nolatan?
Ikastolan jokatzen nuen, Txingudin, lagunekin. Nire taldekide baten ahizpak Oiartzunen jokaten zuen, eta hark eman zidan hara joateko aukera. Oiartzungo taldea betidanik izan da indartsua nesketan, eta ez nuen bitan pentsatu. Hara joan nintzen jokatzera.
Eta nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Beti esan izan dut, Oiartzunen bizi izan ditudan urteak, ziurrenik futbolean bizi izan ditudan onenak izan zirela. Familia bat zen, oso talde ona genuen, giro ona, eta gauza politak egin genituen. Igoera fasea ere jokatu genuen, Bartzelonaren kontra hain zuzen ere. Ugaldetxon jokatu ditudan partidak, eta igoera fase hura beti ditut gogoan, eta oso oroitzapen onak ditut.
Eta Oiartzundik Realera. Noiz eta nola izan zen Gipuzkoako lehen taldera jauzia?
Igoera fasea jokatu genuen urte hartan,—Bartzelonaren kontra galdu egin genuen—, Reala nesken taldea aurkeztekotan zen. Oiartzunek igotzea lortzen ez bazuen, bertan ginen hainbat neska Realera joango ginela adostu zuten bi klubek. Gipuzkoako hainbat neska joan ginen entrenatzera, taldea sortu zen, eta hara joan ginen.
Realetik Madrilera joan zinen.
Madrilera joatea, egia esan, esperientzia polita izan zen. Gizarte Hezkuntza ikasketak bukatu nituen Donostian, eta pentsatu nuen aldaketa bat ondo etorriko zitzaidala. Egia esan, oso ondo bizi izan nintzen Madrilen, oso ondo pasatu nuen, eta lagun handiak egin nituen. Hiru urte eman nituen han, eta esperientzia oso polita izan zen, ni hezteko baliagarria; Irundik joan eta dena berria zen niretzat, hiria… Oso oroitzapen politak ditut.
Eta ondoren nolabaiteko etxera buelta, Athleticera?
Bai. Madrilen nire ibilbidea bukatu zela ikusi nuen, eta Athleticeko aukera izan nuenean, ez nuen bitan pentsatu eta Bilbora joan nintzen. Nahi edo ez, Espainiako talderik hoberenetakoa da, Bartzelonarekin batera.
Orain etapa berri bati ekin berri diozu Bartzelonan, eta erronka piloa dituzu aurretik. Zer lortu nahiko zenuke Bartzelonarekin?
Gertatu zaidan guztiarekin, nire helburuak orain epe motzerakoak dira. Disfrutatu nahi dut, ondo pasa, eta errekuperatu. Lesiotik atera berri naiz eta erritmoa hartu behar dut. Nire helburua da, disfrutatu, ondo pasatu, jasan ditudan gauza guztiak ahaztu, eta gozatu. Epe luzera? Azkenean, Bartzelonara etorri naiz, Espainiako Ligako talderik onenetakoa da, eta hor daude Liga eta Kopa, ea horiek lortzeko aukera dugun.
Espainiako selekzioan ere berreskuratu duzu plaza. Kanadako Munduko Kopa bidearen bueltan da. Jokatzeko itxaropenik bai?
Pentsa! Hainbeste denbora jokatu gabe egin eta gero, munduko kopa hor dago, eta ilusioa ere bai. Egia esan, amets bat izango litzateke Kanadara joateko aukera izatea, baina pausoka-pausoka, poliki-poliki joan behar dut, eta orain gauzak ondo egin. Lanean jarraitu behar dut, eta aukera baldin badaukat, egia esan, ilusio handia egingo lidake Kanadan egotea.
Euskal Selekzioan finkoetakoa zara. Nola bizi dituzu selekzioarekin jokatutako partidak?
Egia esan, deialdia jakinarazten duten bakoitzean ilusio handia egiten dit. Ni kanpoan bizi izan naiz, eta jendeak ez du gehiegi ulertzen; Bartzelonan akaso gehiago, baina, egia esan, bizi izan ditudan partidak oso politak izan dira. Zaila da azaltzen. Aurten ere Kataluniaren kontra jokatutako partidan, inbidia besterik ez nuen sentitzen, partida horietan bizitzen ditugun gauzak azaldu ezinak direlako.
Defentsan ari zara orain, baina postu askotan jokatu dezakezula frogatu duzu. Zuk zeuk non nahiago duzu jokatu?
Azken urteetan ezker hegalean jokatzen ari naiz, eta ondo sentitzen naiz. Athleticen zentral postuan jarri zidaten eta, hor ere, eroso. Egia esan, berdin zait. Orain jokatu nahi dut, eta baloia dagoen lekuan, hor egongo naiz.
Punky ezizena duzu. Zergatik?
Txikitako kontuak. Ilea aurretik motza eramaten nuen, eta luzea atzetik, amak hala mozten zidalako. Lehengusu batek ezizena jarri zidan, eta handik aurrera leku guztietan horrela deitzen didate. Institutu garaian ere kresta egin nuen, eta horrek lagundu zuen ezizena indartzen.
Futbolean zure ibilbide antzekoa duen edozein mutil zu baino askoz ere ezagunagoa da. Emakume futbolariek nola bizi duzue errealitate hori?
Argi dago aldea sekulakoa dela. Nik uste dut emakumeen egoera inoiz ez dela mutilenarekin parekatuko. Hala ere, iruditzen zait, ez bakarrik futbolean, baita beste kiroletan ere, gehiago egin genezakeela bultzatzeko eta aukera berdintasunean aurrera egiteko, dauden ezberdintasunak ez direlako bakarrik ekonomikoak. Zerbitzuekin eta beste mila konturekin ere aldeak badaude. Hala ere, pentsatu behar dut, ni hasi nintzenetik hona aldaketa asko izan direla, hobekuntza asko, eta akaso gu bidea irekitzen ari garela atzetik datozen neska horientzat.