Ficobak ia laurdena areagotu ditu diru sarrerak
Jarduerek, bisitariek eta okupazio egunek aurreikuspenak gainditu dituzte
Iazko ekitaldia itxita, 2014ari buruzko balorazioa egin du Ficobak. Oro har, erakustazokaren aktibitateak eta diru-sarrerek gora egin dute nabarmen. Hala, bertako arduradunek OARSO BIDASOKO HITZAri igorritako oharrean nabarmentzen dutenez, bisitarien errekorra gainditu da aurten, 215 jardueretan parte hartu duten 140.000 lagunekin. Areago, beti ere Ficobatik luzatutako datuen arabera, “diru-sarrerak 1.350.000 eurokoak izan dira, ustiapenaren superabita 160.258 eurokoa izan da eta ingurunean sortutako efektuak 8.100.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragin du”.
Zenbaki beltzak bosgarrenez
Zentzu horretan, “bosgarren urte kontsekutiboan Ficobak zenbaki beltzak egonkortu” dituela jakinarazi dute “gehienbat azokek izan duten ibilera bikainarengatik”. Euskal Kostaldeko Gabonetako Azokak eta Eguberritako Haur Parkeak bereziki lagundu dutela horretan nabarmendu dute. Finean, hortaz, % 22 igo dira diru-sarrerak 2013an lortu zirenekiko, eta % 12ko superabitarekin bukatu du urtea erakundeak.
Ekitaldien tipologiari dagokionez, % 57 bilerak izan dira. % 36, aldiz, jardunaldi sozialak, kulturalak edota musikalak. Jardueretatik % 6 azokak izan dira, eta, fakturazioaren ikuspegitik, azken horiek dira balantze ekonomikoan eraginik handiena izan dutenak, sarreren % 55era iritsita.
Ficobako jarduera garrantzitsuenen egutegia 2015erako:
- Martxoak 16-17. Gaztematika haurtzaroko, nerabezaroko eta gaztaroko jardunaldiak.
- Martxoak 20-22. Antikuarioen eta Bilgarria Kentzearen V. Aretoa.
- Apirilak 11-12. Expotaku bira.
- Apirilak 11-12. IX. Nazioarteko Katu Erakusketa.
- Apirilak 26. XXXVI. Gipuzkoako Nazioarteko Txakur Erakusketa.
- Maiatzak 7. Krea, Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Sormenaren Azoka.
- Maiatzak 15. IV. Nazioarteko Atlantiar Kongresua.
- Maiatzak 16-17. Sportjamen udako edizio berezia.
- Maiatzak 23. Irun Zuzenean kontzertua: The Remains.
- Ekainak 5-7. XII. Bioterra, Produktu Ekologikoak, Bioeraikuntza, Energia Berriztagarriak eta Kontsumo Arduratsua.
- Ekainak 6. V. Naturopatia Kongresua.
- Ekainak 9. Mugaz gaindiko Ikasleen Kongresua.
- Ekainak 13. Irun Zuzenean kontzertua: Fito&Fitipaldis.
- Ekaina. Enpleguaren Astea.
- Irailak 11-13. Expogrow, Kalamuaren Nazioarteko IV. Azoka.
- Irailak 26. Irun Zuzenean kontzertua: Men of Rock.
- Urriak 6-7. Uhinak, Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko Mugaz Gaindiko I. Kongresua.
- Urriak 17 Artekaña, Artisau Garagardoaren II. Azoka.
- Urriak 23 Gureak Taldearen 40. urtemuga.
- Urriak 30-azaroak 1. III. Irun Stock Market.
- Azaroak 6-8. Antikuarioen eta Bilgarria kentzearen VI. Aretoa.
- Azaroak 7. Izuaren Pasabidea.
- Azaroak 14-15. Sportjam, Akzio Zaleen X. Azoka.
- Azaroak 20-22. Ficoauto, Bigarren eskuko ibilgailuen III. Azoka.
- Azaroa. Enpleguaren Astea.
- Abenduak 5-8. Euskal Kostaldeko Gabonetako X. Azoka.
- Abenduak 5-8. Irungo Artisautza VI. Azoka.
- Abendua-urtarrila PIN, PAN, PUN, Eguberritako Haur Parkea.

