Dena ongi, 09:30ean egingo da bihar olinpiadetako goitibeheren proba, institutuko maldan. Gaur, ibilgailuen aurkezpena burutu dute Portuan, eta ondoren txaranga poteoa egiten hasi dira.
Sputnik kohete sobietarra, goitibehera bezala berrerabilia. Laika txakurra eta guzti
Bihar goitibeheren jaitsieran parte hartuko duten ibilgailuen aurkezpena egin dute gaur arratsaldean San Pedro kalean [argazki galeria ikusteko testu osoa irakurri behar da, serio]. Aurkezpenaren ondoren txaranga poteoa hasi dute eta giro polita sortu da San Pedro kalean, tabernaz taberna handituz joan den alaitasun eta pozez betea. Denak kontent daude, ez dakitelako biharko proba, goitibeheren jaitsiera, ziurrenik ez dela egingo, arrazoi askorengatik.
Goitibeheren aurkezpeneko ordu berean Korrikaren Mus Txapelketaren kanporaketa egin dute Itsas Komandantzian, eta bertan egon dira Hondarribiko HITZAko kazetaria eta argazkilaria parte hartzen —goitibeheren argazkiak ez dira gureak,
Google-etik hartu ditugu—. Bada, komandantziako pasilloetan entzun dugunez, zailtasun handiak daude biharko proba egin ahal izateko, zailtasun operatiboak, juridikoak, ekonomikoak eta kirol arlokoak ere.
Azpiegitura falta
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak egindako kalkuluen arabera, 83 anbulantzia beharko dira bihar olinpiadetako goitibeheren jaitsieran, eta azken uneraino ez dakite kopuru hori lortuko ote duten. Hondarribiko DYAk eta Gurutze Gorriak orotara sei dituzte, baina horiek ezin dira erabili, azken asteetan norbait furgoneten errodamenduak eta beste zenbait pieza lapurtzen ibili delako. Ertzaintza egilearen bila ari da, baina momentuz ez dute arrastorik aurkitu.
Esan bezala, oso zaila dirudi hainbeste anbulantzia lortzea bihar goizerako. Batetik, azken egunotan Astigarraga-Hernanin erabili dituztenak bustita daudelako, eta eguraldi honekin ez dute uste lehortu daitezkeenik. Eta bestetik, jaurlaritzak eskatutako beste ibilgailuak oraindik ez direlako iritsi. Azken hogei urtetan Kubara bidalitakoak itzultzeko eskatu du Osakidetzak, baina ez dakite garaiz iritsiko ote diren; Venezuelak utzitako itsas ontzi batean ari dira ekartzen, baina itsasoaren egoera ez da ona.
Badaezpada, anbulantziak iritsiko ez balira, kanpainako erietxe bat muntatzea ari dira aztertzen, eta horretan ere jarri dira lanean Gasteizen, baina Marokok ez ditu pasatzen utzi Saharatik bueltan zetozen jaimak.
Egoera larria da, beraz, zauritu asko espero direlako bihar, eta ez dagoelako argi horiek zaintzeko beharrezkoa den azpiegitura prest izango ote den. Urkullu lehendakaria bera harremanetan jarri da batzorde olinpikoarekin, eta jaitsieraren ordez, goitibeherekin ‘Bat, bi, hiru, txorimalo bat dugu’ jolasa egitea proposatu die. Talde gehienak lehendakariaren ideia onartzen dute, baina erabakia aho batekoa izan behar omen da eta Ashkoraxek kontra bozkatu du: “Hamabost urte daramagu parodiaren eta goitibeheren proba prestatzen”, adierazi dute.
Arazo juridikoak
Azpiegitura lortuko balute ere, ez dirudi erraza biharko proba egin ahal izatea. 36 talde ari dira garai berriko II. herri olinpiadetan parte hartzen, eta arautegiaren arabera gutxienez 25k parte hartu behar dute proba bakoitzean. HITZAk jakin izan duenez —komandantziako pasilloetan hori ere—, Carlos Urkijok salaketa jarri du talde askoren kontra Inauteri ostiral gaueko gertakariengatik, eta polizia operazioa espero da gaur goizalderako San Pedro kaleko tabernetan.
Ziplo lurrera taldearen saioa
Batetik, Ziplo lurrera eta Pexperlantak taldeko kideak atxilotzea eskatu du Urkijok, terrorismoa goratzea leporatuta, preso politikoen aldeko adierazpenak egin zituztelako. “Julian Muñoz politiko presoa da, eta emaztea ere preso du, politiko presoen senideak ere terroristak direlako —esan du Urkijok—, eta haien aldeko adierazpenak egiten dituztenak ere terroristak dira”.
Josu Belea Makil Idorrian eta Korrokoiak taldeak ere, hurrenez hurren, armak erabiltzeagatik eta ekintza bortitzak aldarrikatzeagatik, salatu ditu Espainiak EAEn duen ordezkariak. Partido Popularrak ere salaketa jarri zuen Hirekin Enak Ariki eta Iguinak taldeen kontra, alderdiko zenbait kideen kontrako mesprezua agertu zutelakoan parodiako proban. Eta Troikak Mendekuren kontra jo du, eta bihar baino lehen taldean egin behar dituzten erreformen txostena bidaltzeko exijitu diete, goitibeheren jaitsieran parte hartu nahi badute.
Kasko Hutzak taldearen saioa ere aztertzeko eskatu zuen Urkijok, baina guardia zibilak ez du oraindik zehaztu zein “edo zeintzuk” delitu leporatu dakieken. Jakin izan dugunez, Pexperlantak taldearekin parodian aritu ziren bi guardiak dira txostena idatzi behar dutenak, eta denbora galtzen ari direla uste da.
Zailtasun ekonomikoak
Bihar parte hartzeko bermea ordaindu behar dute taldeek, eta arazo ekonomikoak eduki ditzaketen taldeak ere badira. Ashkorax, parodiako irabazlea, dirua biltzen ari da Donostiako Aquariumarekin duten zorra ordaindu ahal izateko. Itxuraz,
euren saioko marrazoak Aquariumak utzitakoak ziren, eta itzuli beharrean, badian askatu zituzten: “Muskuilu erraldoiaren oso lagunak egin ziren, eta pena ematen zigun”, argitu du talde horibeltzakoek. Gainera, marrazoen presentziagatik berdelaren kanpaina atzeratu behar izan dute eta Arrantzaleen Kofradiak ere salaketa jarri du Ashkoraxen kontra.
Ttanttu Tronkokoak
SGAEk, bere aldetik, hainbat salaketa jarri ditu, erakundearen ustez egile eskubideak urratu direlako. Orotara 3,25 milioi euro eskatzen die zenbait talderi, erakundearen ohiko gastuetan laguntzeko. Alaxka ta Baxka, Portomokoko Izkiña, Ttanttu Tronko, Ttarratteneako Paralinpikoak eta Tximista taldeen kontra, behintzat, espedientea ireki du SGAEk.
Halaber, Usain Voltiyeruan Semiak taldeak bi gutun jaso ditu epaitegietatik. SGAErena bata, eta Bob Marleyren iloba batena bestea, “arazo teknikoengatik”. Eta Bertsozale Elkarteak Xerinkeneko Erlien kontra jo du, lehen bertsoan trabatu zirelako, baina ez dute epaitegietara joko baldin eta erliek euren saioa Euskal Herriko Bertsolari txapelketa nagusiko finalean errepikatzen badute, “trabatu gabe, noski”.
Adinekoen etxean kezka
Kasino Zaharra Adinekoen Etxean ere haserre dira Inauteri ostiralean Soroetako frontoian geratutakoarekin. Nonbait, Kasino Zaharreko antzerki taldeko kide askok parte hartu zuten olinpiadetako parodian, Akelarre, Barrio Txinokuak, Klaro kon Gas eta Porruxalda taldeekin eta Kalahorrara egingo den hurrengo txangora joan gabe zigortu dituzte. Hori ez da Kasino Zaharrean duten arazo bakarra, barruan maxina elektroniko arraroak dituzten kaxa pila batekin bete zaizkielako biltegia;
Ur Karruxaren izenean iritsi omen dira.
Horiez guztiez gain, parodiak beste hainbat onorio izan ditu. Hok Ezpattukekoak Guadalupeko kantina jasotzeko geratuta daude bihar goizean, Txofila Sporteko hiru kide eta Eskiletako Abortuetako beste hiru zistitisa jota daude baja hartuta, Azizakilletako bat tripako minarekin…
Guk dakigula, Bionttuak, Heldu da Biasoia, Kolax, Mixikuak, Nudistak eta Naturistak, Putteruan Alabak eta Singer Morning taldeek ez lukete arazorik izango bihar parte hartzeko —proba egingo balitz—, baina talde horietan badira triki poteo zale batzuk eta gaurko txaranga poteoarekin seguru bat baino gehiago jokoz kanpo geratuko dela. Attunburuxkak, Pontxurrak, Karramarro zikinak eta In digu goiza ere libre daude, parodian ez zirelako egon, “baina ez egoteak ez du esan nahi egon ez direnik”, gaineratu zuen Urkijok.
Panorama iluna oso, kasik beltza. Hori guztia ikusita, gaur arratsean batzordeko kide batzuk Guadalupera igo dira kandelak jartzera, baina ez dute apaiza aurkitu. Esan dietenez, Munilla apezpikuak zigortu egin du, berak ere parodian parte hartu zuelako. Hau desastrea.
Beheko galerian, aurkezpenera agertutako goitibeherak, Google-tik hartutako irudietan.[nggallery id=21]