Xabier Iridoy
Irungo EAJ-PNV udal taldeak kezka adierazi du “Arbesen 72 ibilgailurentzat aparkalekua eraikitzeko gobernu sozialistak berriki onartu duen proiektu teknikoaren aurrean”. Irungo EAJko bozeramaile Xabier Iridoyren hitzetan, “Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko gaur egun mahai gainean dauden Zubietaren alternatibak baliogabetzeko helburuarekin, Santano jaunak egindako maniobra bat gehiago da”.
Jeltzaleek OARSO BIDASOKO HITZAra igorritako mezuan jakinarazi dutenez, “hirigintzako azken batzordean, Zubieta eremuan aurreikusitako esku- hartzeak gauzatzeko beharrezkoak izango diren denbora-epeak definituko dituen egutegia eskatu zion EAJ-PNVko bozeramaileak berriro ere gobernu sozialistari”. Momentuz “eremu horren garapen eta exekuziorako aurreikusten diren urratsak bakarrik” ezagutzen dituztela arbuiatu eta hori ez dela “nahikoa adierazi du ordezkari abertzaleak. Areago, “denbora faktorea funtsezkoa” dela eta “egun Zubietaren gainean dagoen zalantza hori argitzea ezinbestekoa dela” adierazi du Iridoyk.
Labordaren erantzuna
Herri-lan eta Mantenu arloko delegatu Cristina Labordak segidan erantzun die jeltzaleei horiek aferarekiko duten “seriotasun falta” salatuz. Labordak gogora ekarri du EAJk kritikatzen duen neurria “EAJk berak bere botoekin onartzeaz gaindi, talde ezberdinen arteko elkar ulertzearen eta adostasunaren eredu gisa” jarri zuela.