Hondakin "sortzaile handien bilketa berezitua" sarritan proposatu dutela adierazi du koalizioak
Hilaren 14an itzuliko da merkatua plazara
Pozik agertu da Irungo EH Bilduren udal-taldea larunbateroko azoka Urdanibia plazara bueltatu delako. Alta, “urte luze honetan galera pairatu duten merkatari zein ostalariak pozik” egoteko modukotzat jo duten neurriaz harago, azokan sortzen diren hondakinak gaika biltzea eragingo duen erabakia txalotu du EH Bilduk.
OARSO BIDASOKO HITZAra igorritako oharrean jakitera eman dutenez, agintaldi hasieratik eskualdeko “birziklapen tasa igotzeko asmoarekin” koaliziotik proposamen anitz aurkeztu dituzte jendaurrean, Txingudiko mankomunitatean eta udaleko osoko bilkuran. Hala, hondakin “sortzaile handien bilketa berezitua” proposatu izan dutela ohartarazi eta “horien artean larunbateko azoka” kokatu izan dutela adierazi dute.
Urratsa positiboki baloratu ostean “Txingudi mankomunitateko birziklatze tasa Gipuzkoako baxuenetarikoa” dela salatu dute.