Udalekuek "iazko prezio bera" mantenduko dutela aurten esan du Fernando San Martinen
Irungo Udaleko Euskara zinegotziak agerraldia egin du “euskararen erabilera sustatu eta hizkuntzarekiko haur eta gazteen jarrera hobetzeko” borondatearekin egindako “2015erako udal-apustuaren” berri emateko.
Solas Jolas udaleku irekia eta Euskararen Hilabetea egitasmoak dira “apustu” hori gorpuztuko duten ekintzak. Udaleko Euskara arduradun Fernando San Martinek adierazi duenez programa horiek “oso harrera ona dute guraso, ume eta eskoletako irakasleen artean”.
Udalekuei dagokienez, iazko prezioa mantenduko dute aurten, eta uztailaren 3tik 24ra bitartean izango da lehen deialdia. Abuztuko deialdia ostera, abuztuaren 4tik 24ra bitartean izango da. Haur Hezkuntzako lau eta bost urteko geletako eta Lehen Hezkuntzako lehenengo eta laugarren maila bitarteko ikasleei zuzenduta dago jarduera. Horiekin batera, Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailako “dibertsitate funtzionala duten umeek ere, hamabi urteko adin-mugarekin, parte hartzeko” aukera izango dute. Martxoaren 2tik 13ra bitartean egongo da izena emateko aukera,
Irungo Udalaren webgunean. Lotura horretan sartzeko “Irun Txartela erabili beharko da”, San Martinen arabera. Zentzu horretan, “txartela eskuratzeko gonbitea” luzatu die interesdunei.
Euskararen Hilabetea
Hainbat antzezlan izango dira ikusgai “Euskara zure ahotik” lelopean Euskara arloak Irungo ikastetxeekin lankidetzan antolatu duen iniziatibaren barruan. Martxoaren 5ean hasi eta hile bereko 27an bukatuko da “eskola-umeek ikastetxeetan ikasi duten hizkuntza kalean gehiago erabiltzea” xede duen egitasmoa. Hala, Haur Hezkuntzako umeek
Hiru txerritxoak antzezlan eguneratua ikusiko dute. Lehen Hezkuntzako bigarren ziklokoek aldiz,
New Orleansko Cyrano ikusiko dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteek
Jauzi hirukoitza izango dute ikusgai.
Ikastetxe eta institutuek euskarazko ekoizpena kaleratzeko aukera izango dute sarean argitaratuko diren bi aldizkari medio. Batak Irungo Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek egindako euskarazko ekoizpenak jasoko ditu. Besteak, aldiz, Bigaren Hezkuntzako Institutuek egindakoa.