Behobian uholdeak ekiditeko konportak jarri eta garajeak hustu dituzte eta TAO-a bertan behera geratu da auzoan
Egunak aurrera egin ahala arazo batzuk sortu diren arren, eguraldi txarrak ez du aparteko kalterik sortu ohiko eragozpenez harago. Irungo udaltzainak eta Babes Zibileko kideak Bidasoa ibaiari so dira, udaletik jakinarazi dutenez, batez ere Behobia auzoaren ingurumarietan sor daitezkeen arazoak ekiditeko. Olatuek eta haizeak euriteei utzi diete lekua eta datozen orduetarako ez da aldaketa nabarmenik espero. Alerta laranjak irauten duen bitartean auto-gidariei arretaz gidatzeko galdegin zaie Irungo Udaletik.
Eguerdi partean hasi dira lehen arazoak azaleratzen. Behobia auzoan uholdeak ekiditeko konportak jarri eta garajeak hustu behar izan dituzte. TAO-a ere bertan behera geratu da, Irungo Udaltzaingoak Oarso Bidasoako Hitzari baieztatu dionez. Iturri berberek ohartarazi dute zuhaitz baten erorketagatik Txingudi ikastola parean itxi behar izan den Gi-636 errepidea arratsaldeko 16:00etarako ireki dutela.