Onartutako kudeaketa planak ez betetzeak Europako erakundeen zigor ekonomikoak dakartzala ohartarazi dute
Bidasoaldeko Lagunak elkarteak Plaiaundiko kirol instalazioen lekualdatzeari buruzko irakurketa plazaratu du. Hedabideetara igorritako mezuan gogor kritikatu du “Irungo Udaleko azken gobernuek gaiarekiko erakutsi duten interes eta borondate politiko eskasa”.
Jakinarazi dutenez, 1.993an sinatu zuten Jaurlaritzak, Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko udalek kirol instalazioen lekualdatzeko konpromisoa jasotzen zuen akordioa,
Txingudiko Baliabide Naturalen Babespenerako eta Ordenaziorako Plan Bereziaren barruan. Elkartetik diotenez, “Txingudiko balio ekologikoen onarpenari esker, Bidasoako itsasadarra, munduko hezegune garrantzitsuenak biltzen dituen Ramsar Hitzarmenaren partaidea izateaz gain, KBE (Kontserbazio Bereziko Eremua) eta HBEB (Hegaztien Babeserako Eremu Berezia) figuren pean, Europako Natura Sarean sartu zen”.
Areago, bai Plan Bereziak eta bai KBEren eta HBEBren kudeaketa dokumentuek egun kirol instalazioek betetzen duten alderdia padura modura berreskuratu behar dela zehazten dutela adierazi dute Bidasoaldeko Lagunek.
24 urte hitza bete gabe, diru-laguntzak bueltan eta Europatik zigorrak
1.993tik akordioa bete gabe egonik udalari ” Zubietaren apustuan urrats esanguratsuak egiteko bi urteko epea ematea geratzen den denbora baliotsua xahutzea baino ez da” eragilearen iritziz. Hala, tarte hori, “denboran bideragarriak diren eta Zubietako eragozpenak ez dituzten beste aukeren gainean lan egiteko erabili” beharko litzatekeela diote.
KBErako eta HBEBrako onartutako kudeaketa planak ez betetzeak “Europako erakundeen zigor ekonomikoak” ekarriko dituela ohartarazi dute ekologistek. Izan ere, “erakunde horiek Life programaren bidez diru-laguntzak onartu zituzten arazoa konpontzeko”, baina “konprometitutakoa ez burutzeagatik diru-laguntza horiek itzuli” egin behar izan zituzten.
Bidasoaldeko Lagunak osatzen duten elkarteak:
Eguzki Bidasoaldea antinuklear eta ekologista, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, SEO/BirdLife, Oiasso 2000 Auzo Elkarteen Federazioa.
Irakurri gutuna
Plaiaundiko kirol-instalazioak