Irungo hizkuntza-errealitatea ondo ezagutzen duten pertsonen ikuspuntua jaso nahi izan du alderdiak
Iridoy jeltzaleen bozeramailea
Hiri-proiektua osatzeko lanketa egiten ari da Irungo EAJ. Iragan astean arreta lehen sektoreari jarri bazioten, euskarak Irunen bizi duen egoera izan dute aztergai jeltzaleek asteon. Jakinarazi dutenez, horretarako, egoera hori “ondo ezagutzen duten pertsonekin bildu ziren Xabier Iridoy eta bere taldea. Izan ere, jeltzaleentzat euskara zutabe garrantzitsua da hiriaren etorkizunerako lantzen ari diren proiektuan”.
Bilera horretan hainbat afera izan zituzten hizpide, “hezkuntza arloan euskarak duen garrantzia eta bertako ikastetxeek ikasleak euskalduntzen egiten duten lana” tarteko. Horrekin batera, “azken bosturtekoan hiritar euskaldunen eta ama hizkuntza euskara dutenen kopuruaren beherakada” aztertu eta horri aurre egiteko “transmisioa lantzeko eta euskal hiztunen komunitatea trinkotzeko beharra” nabarmendu zuten jeltzaleek.
Bide batez, urtez urte “herri-eragileek Irunen euskara sustatzearen alde egin duten lana goraipatu” zuten EAJko ordezkariek.