Gizonetan 47 traineruk bogatuko dute, horien artean Oarsoaldeko zazpi eta Bidasoko hiru. Hondarribia azkenaurreko tokian irtengo da, etxekoen aurretik. Oiartzungo Itsaslapurren estreinakoa izango da Gipuzkoan
Oriok etxean irabazi nahiko du, baina Ama Guadalupekoak ez dizkio gauzak erraztuko
85 traineru lehiatuko dira bihar Orion (Gipuzkoa), 16:30ean hasiko den Oriaren XXI. Traineru Jaitsiera-IV. Babyauto Ikurriñan. Proba nagusia, gizon absolutuen estropada, 45 minutu geroago abiatuko da, eta bertan 46 ontzi uretaratuko dira, horien artean, Oarso Bidasoko hamar. Hondarribia eta San Pedro hiru trainerurekin ariko dira, bi aterako ditu Donibane-San Juanek, eta bana, Hibaikak eta Oiartzungo Itsaslapurrek.
Traineruek sei kilometroko ibilbidea egin beharko dute, Aginagatik abiatuta. Hondarribia azken aurreko tokian irtengo da, etxekoen aurretik. Aurten lehen aldiz, elkarrekin ariko dira arraun elkarte guztiak, Hondarribiko jaitsieran hutsune asko izan zirelako. Orduan ez ziren ez Orio ez, ez Bermeo, ezta Kaiku egon, eta hortaz, bihar ikusiko da neguko entrenamenduen ondoren zein den sasoikoen dagoen koadrila.
Nesketan hamalauko estropada izango da, Oarsoaldeko hiru ordezkarirekin: San Juan, Hibaika eta Itsaslapurrak. Orio eta Zumaiaren baimenarekin, pasaitarren eta errenteriarren arteko lehia espero da bihar. Dena ongi, 17:09an hasiko da emakumeen proba.
Sei estropada guztira
Nagusien mailako bi estropadez gain, beteranoen eta juniorrenak ere egingo dituzte Oriaren jaitsieran. Neskek bezala, lau kilometroko ibilbidea egingo dute.
Beteranoetan ez da eskualdeko ordezkaririk izango, bai ordea jubeniletan. Sanpedrotarra eta Hondarribia arraun elkarteek beste bost lehiakide izango dituzte.
Baina Oriaren XXI. Traineruen jaitsieran irteten lehenak ez dira euskal ordezkariak izango. Izan ere, lehen bi lehiaketetan Herrialde Katalanetako ordezkariak soilik bogatuko dute, kataluniar llaguten proban batetik, eta Mediterraneoko llaütenean, bestetik.