Hondarribitik aterako da bihar eta Tindufeko errefuxiatuen kanpamendua izango du jomuga
Tadamum elkarteko kamioia Dunboa eskolan
Asteazkenean Dunboa eskolan izan ziren Tadamum elkarteko kideak. Aspaldiko lagunak dira eskola eta elkartea. Izan ere, ez da elkarrekin kolaboratzen duten lehen aldia, eta ez dirudi azkena izango denik. Udalak bideratutako diruarekin orain gutxi erositako kamioiarekin agertu ziren bertan, Lauburu Studioko Iñaki Oiartzabal sprayarekin berau apaintzen ari zela. Bertan egin zuen muralean Irun eta Hondarribia ageri dira, alde batean, eta Tindufeko kanpamendua (Aljeria) bestean. Bihar hilak 21 Hondarribitik abiatuko den bidaia irudikatzen du artelanak.
Hondarribitik aterako den kamioiak Donostian egingo du lehen geldialdia, bertan batuko baitzaio helmuga berera doazen beste bost trailerrek eta 2 kamioik osatuko duten karabanari. Kamioia Donostiatik aterako den karabanara gehituko da.
“Gure kamioia ezberdina da, ospitaleko materiala darama”
Tadamum elkarteko Miren Olaskoagak Irungo Hitzari adierazi dionez “kamioian orratz bat ere ez da sartzen, bete-beteta dago. Gainera, gure kamioia ez da besteak bezalakoa, bigarren eskuko ospitaleko materiala darama. Denetarik gainera: botika pila, ospitaleko oheak, ohe normalak, gurpildun aulkiak… “. Tindufeko kanpamenduan dagoen Chahid Chreif Martiria Zentrorako materiala da Tadamumek elkartasunari esker jasotakoa. Gudak elbarri utzitakoak eta pertsonen kontrako minek zauritutakoak artatzen dituzte zentroan. Martxoaren 27an joango da Olaskoaga bertara.
Duela hamabost urtetik dute sinatuta akordioa Irungo Udalak eta Frente Polisarioak. Akordio horri bideratutako dirua Tadamumek kudeatzea proposatu diote aurten elkarteari, eta pozik hartu du ardura. Eskualdetik harago ere lortu dute elkartasunik. Material sanitarioaz gaindi Real Sociedad Fundazioak eta Gasteizko Saski-Baskoniak arropa mordoa helarazi dizkiete Tadamumekoei. Berangoko udalak, aldiz, ordenagailuak jarri ditu.