Elkarbizitza "apurka eta progresiboki" lortu beharrekotzat jo zuten Hendaiako, Hondarribiko eta Irungo alkateek
Ezkerretik eskubira, Otamendi, Santano, Ezenarro, Kerejeta, Zapirain eta Izagirre
Elkarbizitza “lortu daitekeela eta lortu egin behar dela” nabarmendu zuten atzo Bidasoan Elkarbizita jardunaldietako azken eztabaidako hizlariek. “Errespetua”, “aitortza”, “indarkeria jasan dutenak entzutea” eta “elkar-ulertzetik aurrera egiteko borondatea” izan ziren atzoko saioan Hendaiako, Hondarribiko eta Irungo alkateek errepikatu zituzten ideiak. Sorpresarik ere ez zen falta izan, Kotte Ezenarrok (PS), Aitor Kerejetak (EAJ) eta Jose Antonio Santanok (PSE-EE) lekua egin baitzioten entzuleen artean zen Donostiako alkate Juan karlos Izagirreri (EH Bildu), Gipuzkoako hiriburuko esperientzia azaldu zezan.
Lehen bi saioek emandakoaren ildotik joan zen Ficoba erakustazokan egindako azkena ere. Eroso, errespetu handiz eta jarrera eraikitzailearekin aritu ziren hautetsiak Berriako Martxelo Otamendiren eta Antxeta Irratiko Aitziber Zapirainen galderak erantzuten.
Azken honek hizketaldiaren aurretik adierazitakoaren arabera, “alkateek hasieratik erakutsi ziguten parte hartzeko prestutasuna, eta batez ere azpiegiturak lortzeko erraztasunak eman zizkiguten”. Kontatzeko zutenak “mamia” izango zuenaren zalantzarik ez zuen egin Zapirainek: ”denek izan dituzte gatazkarekiko bizipen ezberdin eta interesgarriak”.
“Komisario gehiegi daude oraindik”
Bakoitzak bere lekutik elkarbizitza jorratu dutela eta jorratzen segituko dutela nabarmendu zuten hiru alkateek lehenik. Ondoren, Aitor Kerejetak heldu zion gaiari zehatzago, aferak “diskrezioa” behar duela aitortuta: “nik ez dakit zer den elkarbizitza. 40 urteren bueltan gabiltzanok ez dugu inoiz normaltasuna ezagutu. Ezin izan dugu inoiz gai konkretu batzuen inguruan lasai hitz egin, eta hori aldatu egin behar da. Ikasi behar dugun lehen gauza da norberak pentsatzen duena ez dela egia borobila”.
Azken Memoriaren Egunean geratutakoa ekarri zuen gogora: “gure-gurea ez zen testu bat proposatu genuen denon adostasuna lortze aldera. Harritu gintuen, baina testua sinatu zuten denek. Batzuek, baina, gora pasa zuten eta hantxe bukatu zen dena. Komisario gehiegi daude oraindik”.
“Inplikatu egin behar gara eta hori egingo dut”
Hendaiako auzapezak ere bere bizipenak ekarri zituen mahai gainera.
Euskal Irratiak-eko Pepe Aizpuruk gatazkak Bidasoaren alde batean eta bestean izan duen trataera ezberdina aipatu eta Baionako Adierazpenaz itaundu zituen hautetsiak. Aurore Martinen kontrako estradizio eskaeraren inguruan hari sostengua emateko egin zituzten mugimenduak aipatu zituen Ezenarrok: “ideologia ezberdinetako hautetsiak bildu ginen justua zela uste genuena babesteko. Inplikatu egin behar gara justuak direla uste dugun kasuetan eta nik hori egingo dut”.
Behin, hautetsi talde zabal bat Martini zuzenean babesa adieraztera joan zela, ihes eginda zegoen Segiko Irati Mujika agertu zela aipatu zuen, eta etxera sartu zenerako polizia zuela kanpoan zain: “hautetsi baten etxean ezkutatu genuen. Espainiak bere legeak betearazi nahi ditu, baina mugaren alde horretan beste lege batzuk ditugu eta hori errespetatu egin behar da”.
Elkarbizitza jorratzen segitzeko konpromisoa argi utzi nahi izan zuen Ezenarrok: “esfera publikoan ari gara eta hari begiratu egoteko eta erpinak borobiltzeko gaude hautetsiok. Gure ardura da elkarbizitza. Gaur elkarbizitza jorratzen duenak irabaziko du bihar”.
“Honen inguruko diagnosi partekatua lortzea luzerako izango da”
Irungo alkate Jose Antonio Santanok ere argi utzi nahi izan zuen udal ordezkariak ez daudela soilik “kudeaketa aferak lantzeko”. Ez zion aipamen berezirik egin bizkartzainekin bizitakoei, eta aurrera begira kokatu zuen bere diskurtsoa. Oro har, gertatu denaren inguruan “adostasuna” dagoela esan zuen, baina “askoz adostasun handiagoa” behar dela azalduz: “ez dago duela 80 urte gertatutakoaren inguruko diagnosi konpartiturik. Honen ingurukoa lortzea ere luzerako izango da. Argi daukat hori ez dela posible gaur Bidasoaren alde honetan. Gauza asko ditugu, baina badirudi dena nahi dugula lortu bizkor. Oraindik asko falta da eta apurka joan behar gara”.
Zailtasunak ere hizpide izan zituen Santanok: “Donostiako alkatea ikusten dut hor eserita. Hitz egiteko gonbitea luzatu nion behin, eta nire alderdiak ez zuen begi onez ikusi. Ezin dut ulertu. Saiakera pertsonal asko egin behar izan ditugu zenbait muga zeharkatzeko”.
“ETAk eta Estatuek egin beharrekoaz harago, denok egin behar dugu”
Aitziber Zapirainek entzule gisa parte hartzen ari zen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea gonbidatu zuen oholtzara Donostiako esperientzia kontatzeko. Gauza asko egin dituztela aipatu zuen Izagirrek, eta horietatik asko ez direla atera aurrera “interes alderdikoiak tarteko”. Argi utzi zuen herritarrek “protagonismoa hartu” behar dutela esan, eta “ETAk edo Estatuek egin behar dutenaz edo ez dutenaz” sarri hitz egiten dela “baina denok egin behar dugula” adierazi zuen. Gatazkaren ondorioak jasan dituztenen aldeko ekitaldiak “modu irekian eta publikoan” egin behar direla ere nabarmendu zuen, diskrezioak bere tartea behar duela argituz.
“Aitortza eman eta aldarrikatu nahi izan dugu”
Pozik agertu da Lokarrirekin batera jardunaldiak antolatu dituen Antxetako Aitziber Zapirain: “Jardunaldi hauekin gatazkaren ondorioak larruazalean pairatu dituztenen lekukotasunak jaso nahi izan ditugu; horien aitortza aldarrikatu nahi izan dugu, eta bide batez aitortza hori eman. Bortizkeria askotarikoa izan da, eta hemen denok bizi izan dugu modu batera edo bestera. Hala ere, jardunaldietan parte hartu duten guztien aldetik nabaritu dugu ez dagoela inolako arazorik bata bestearen ondoan jartzeko eta batak bestearen mina aitortzeko, salatzeko eta erabateko konponbidea exijitzeko”.