Espaloia eta atzeko bidea berrituko dituzte, eta argiteria aldatu. Bederatzi aste iraungo dute lanek eta ia 180.000 euroko aurrekontua dute.
Kanalaren ondoan hasi dira lanean
Hasi dira Hondarribiko Minasoroeta kalea berriro hiritartzeko lanak. Asteartean sartu ziren makinak bertara eta dagoeneko nabari da lanean ari direla. Udalak azaldu duenez, espaloia eta bidea, biak konponduko dituzte, eta argiteria ere aldatuko dute: “Obran etxebizitzen pareko espaloia birzolatuko da, eta Minasoroeta kalea eta Alameda jatetxearen atzeko aldea elkartzen dituen bidea konponduko da era berean”.
Lanek, 179.000 euroko aurrekontua dute eta Urbycolan enpresaren ardura izango dira. Bederatzi aste beharko ditu obra burutzeko, “ustez apirila erdi alderako amaitua izango da”.
Hasteko, urak kanalera isurtzen dituen ubidearen inguruan hasi dira lurra mugitzen. Kontu handiz ari dira langileak bertan eta atzo goizean hainbat teknikari ari ziren lan horiek zaintzen.
Espaloia berritzeko, herriko beste auzoetan erabilitako irizpide berak kontuan izango dituzte Minasoroetan. “Etxebizitzetara ematen duen espaloia berriro zolatuko da, jatetxearen ingurutik kale amaieraraino; orain dagoen baldosa bera jarriko da”. Irisgarritasuna hobetze aldera, espaloiaren maila jaitsiko dute, Portuko lanetan hainbat kaleetan egin duten bezala: “Espaloiaren eta bidearen artean dagoen maila aldea jaitsiko da”.
Argiteria aldatuko dute Minasoroetako hiritartze lanak bukatzeko, Alameda jatetxearen atzeko aldetik doan bidea hobetuko dute eta bertaraino iristen den bidegorriarekin lotura egingo du bideak, amaitu ostean. Iaz berritu zuten bidegorri hori, eta Minasoroetako zatia burutzen dutenean, Amute-Kostako eta Txiplaoko zatiek lotura izango dute Molla ibilbidetik Portura doan bidegorriarekin.