I. Hondarribia-Endanea Txakurkrossa egingo dute gotorlekuaren inguruan, 10:00etatik aurrera
Albizu, Silanes eta Murua, aurkezpenean
Gero eta ezagunagoa da txakurkrossa Hondarribian. Azken urteetan asko zabaldu da disziplina hau eta jada ez da hain arraroa ikustea jendea korrika aurretik arnes bati lotuta zakurra dutela. Igandean lehen txakurkross lehiaketa egingo dute, Guadalupen, 10:00etatik aurrera. Euskanikros taldeak antolatu du I. Hondarribia-Endanea lasterketa, aurtengo Gipuzkoako txapelketa itxiko duena. Atzo aurkeztu zuten udaletxeko areto nagusian eta bertan izan ziren Kalixa Silanes udaleko Nekazaritza zinegotzia, eta Euskanikross taldeko bi kide, Ramon Murua hondarribiarra eta Iratxe Albizu donostiarra.
Silanesen esanetan, “ingurumenarekiko errespetuzko kirola” da txakurkrosa eta igandean aitzakiarik ez dago Guadalupera joan eta probaz gozatzeko: “Mendia denona da eta txakurkrosak erakusten digu mendian beste kirol bat egin daitekeela, ingurumena zainduz”.
Ramon Murua hondarribiarra
Ramon Muruak azaldu zuenez, animaliari ere errespetua zor zaio, eta hori kontuan hartzen dute modalitate honetan: “kontu handia jartzen zaio zakurrari. Beti aurretik joan behar da, baina ezin zaio jo eta aginduak suabe eman behar zaizkio”. Eta erantsi zuen 20 gradutik gora eginez gero, lehiaketan bertan behera geratzen direla, “animaliak sufritu ez dezan”.
Pasaiatik Hondarribira
Euskanikross taldea Pasaian sortu zen, Luis Mari Lujanbioren eskutik, baina hainbesteko afizioa dago hemen, ezen kide gehienak hondarribiarrak zirela. Horregatik, Lujanbiok denbora faltagatik taldea uztea erabaki zuenean, jarraitzea edo ez erabaki behar izan zuten, eta jarraitze aldera taldearen egoitza Hondarribian ezartzea erabaki zuten.
Jarraitzaileak asko, taldea ere bai, baina proba bat falta zen, eta hori igandean izango da, I. Hondarribia-Endanea Txakurkrossa. Guadalupeko gotorlekuaren inguruan egingo dute eta lau lasterketa bilduko ditu: 7,5 kilometroko proba nagusia, beste bat errelebokoa, hasiberrientzako 3,5 kilometroko beste bat, eta azkenik, haurrena (haur bakoitzarekin heldu bat joango da, laguntzeko).
Albizu, Euskanikrosseko kidea
Hasiberrientzako proba 10:00etan hasiko da eta Albizuk onartu duenez erantzun ona izan du. “Beste lekuetan hasiberrientzako probak ez du arrakasta handia izaten, baina hemen erantzuna oso ona izaten ari da”. 30 lagunera mugatu dute parte hartzea.
Lasterketa nagusia ordu erdi geroago. 7,5 kilometrokoa izango da, eta gotorlekutik hasita, Artzuranzko bidetik eta Errotazaharreko pistatik joan eta Talaiatik itzuliko da. Gipuzkoako ligaxkako azkena izango da eta sailkapen batzuk igandean erabakiko dira.
Errelebokoa, lehen aldiz
Guadalupera hurbiltzen diren askorentzat lehen aldiz izango da txakurkross proba bat ikusten dutena, baina benetazko berrikuntza erreleboka egingo duten proba izango da. “Aurrenekoa da Euskal Herrian, eta ez dakit beste nonbait egin ote den”, esan zuen Muruak. Proba azkarra izango da, gotorlekuaren eremuan, finalerdiak aurrena eta finala gero.
Edozein probarako izena eman nahi duenak ostegunean izango du azken aukera,
kirolprobak.com webgunean. Hori bai, aurretik txakurrak txertoa jarrita beharko du, bestela lasterketako albaitariak ez dio parte hartzen utziko. Gutxienez, T
ribalente deituriko txertoa behar da, eta proba nagusirako Zakurtegietako estularen aurkakoa ere bai.
Hortaz, txakurkross kirolari hurbiltzeko aukera ezinhobea izango da igandean Guadalupen, gotorlekuaren inguruan. Lehen proba izango da herrian baina, horrez gain, aurretik beste inon egin ez den errelebozko proba ikusgarria ere egingo dute, eta hasiberrientzakoa, eta haurrentzakoa ere bai. Nekazaritza zinegotziak adierazi bezala, aitzakiarik ez dago igande pasa mendira joan eta ingurumenarekiko eta animaliekiko errespetuzkoa den kirol batez gozatzeko.