Hendaiako, Hondarribiko eta Irungo alkateek hartuko dute parte Bidasoan Elkarbizitza jardunaldietako azken eztabaidan
Irudian: ezkerrean Aitziber Blanco eta eskuinean Aitziber Antxetako Zapirain
Hondarribiko Itsas Etxean egin zen lehen eztabaidak ETAren eta Espainiako Segurtasun Indarren indarkeria zuzenean bizi zutenen testigantza jaso zuen. Bigarrenak espetxea eta deserria pairatu zutenena. Bihar Ficoban egingo den hirugarren eta azken eztabaidak, aldiz, Hendaiako, Hondarribiko eta Irungo alkateak batuko ditu mahai beraren bueltan.
Jardunaldien sukaldean buru-belarri dabilen Antxeta Irratiko Aitziber Zapirainek ez du zalantzarik egiten: “Biharkoak ere izango du mamia. Aitor Kerejetak, Jose Antonio Santanok eta Kotte Ezenarrok, denek izan dituzte gatazkarekiko bizipen ezberdin eta interesgarriak. Bihar entzungo ditugu, eta alkateei zuzenean galdetu nahi dienak aukera izango du Ficoban”.
Jardunaldien azken txanpari begira lehen bi eztabaiden balorazio ona egiten du Zapirainek: “Oso kontent gaude emaitzarekin. Herritarren partetik erantzun ona eduki du, 300 lagundik gora hurbildu dira lehen bi saioetara. Zorionez harrera beroa eta oihartzun zabala izan du egitasmoak. Gaia oso korapilatsua da, gogorra, baina oraingoz behintzat merezi izan du eta alkateekin egitekoa dugunak ere mereziko du ziur”.
Parte hartzaileek, hizlari zein entzule, jarrera bikaina erakutsi dutela ere aitortu du Antxeta Irratiko koordinatzaileak: “Jendeak hitz egiteko gaitasuna, erosotasuna eta heldutasuna erakutsi du. Publikoaren aldetik ere errespetu handia egon da hizlariekiko, ideologia eta esparru ezberdinetatik etorri arren. Denek erakutsi dute aurrera egiteko borondatea”.