Fadurako zelaia lokatzez lepo zegoen
Zaisa-Irun Rugby Taldeak seigarren garaipena lortu du jarraian. Bere azken biktima Getxo Artea taldea izan da. Nagusitasun handiz hartu zuen mendean Getxoko taldea larunbatean (5-29) eta puntu bakarrera murriztu du sailkapen nagusian bien artean zegoen tartea, partida bat gutxiagorekin.
Lehen minutuan egin zuen entsegua Iñigo Camarerok Fadurako zelai lokaztuan. Hortik aurrerakoa tenore berean joan zen. Bistakoa da Zaisa-Irunek partida horri begira jarrita zeukan helburua: irabazi ala irabazi. Getxok izan zuen aukera ia bakarra baliatu zuen entsegua egiteko, baina irundarren intentsitate handiko defentsa lanak bizkaitarren esperantza oro zapuztu zuen.
Martxoaren 28an larunbatarekin jokatuko du Zaisa Irunek faltan duen partida, Igorren, Arratiko Zekorrak taldearen aurka.