Arma Plazan, Soroetako frontoian, Saindua gaztelekuan, ikastetxeetan, baserri eremuan… Bero-bero datoz aurtengo inauteriak, eta dagoeneko langileak hasi dira muntaketa lanekin. Esaterako, Arma Plazako estalpea jartzen hasi dira gaur goizean. Larunbateko bazkaria egingo dute bertan, baita igande arratsaldeko pailazo ikuskizuna ere.
Inauterietako beste gune garrantsitsu bat Soroeta-Saindua izango da, ostiralean. Arratsaldean merienda egingo dute Saindua gaztelekuan eta gauez, 20:00etatik aurrera, herri olinpiadetako parodia, frontoian. Esan beharrik ez dago sekulako giroa izango dela bi leku horietan. Eta larunbatean, Sainduatik irtengo dira mairuak baserriz baserri joateko. Emeki emakume elkarteak antolatzen du ekitaldi hori, euskal inauteria mantentzeko xedez.
Noski, ezin da ahaztu igandeko desfile handia. Arma Plazatik abiatuko da 10:30etik, baina ohi bezala, karrozek San Juan de Dioseko biribilgunean hasiko dute ibilbidea. Eta beste hainbat ekitaldi izango dira asteburu luzean.
Udalaren webgunean ageri dira gehienak, laburbilduta.