Garai bateko olinpiadetan egun berezia zen parodiaren eguna. Jostaldi pilotalekuan hiru mila pertsona bildu izan zituen. Olinpiadak antolatzearekin batera parodia baino gehiago galdu zen, inauterietako ostirala bera. Bihar berreskuratuko dute, 20:00etatik aurrera, Soroetako frontoian.
V. olinpiadetako parodiako une bat, 1992. urtekoa
Urduri daude herriko gazteak. Urduri ere gazte izan zirenak. Herri olinpiaden barruan inauteri ostirala berreskuratu behar dute, eta hori zer den badakite gazte izandakoek. Eta egungo gazteek, jakin oso ondo ez, baina zer edo zer entzun dute, gurasoengandik gehienek (ondoko bideoan adibide bat ikus daiteke). Garai bateko olinpiadetako urterik onenetan, hiru mila lagun bildu izan ziren Jostaldi pilotalekuan parodiaren egunean. Itzela!. Eta horregatik daude denak urduri, ia hogei urteren baten hutsunea eta gero, parodia eguna delako bihar. 20:00etan hasiko da, Soroetako frontoian.
Olinpiadetako talde bakoitzak bizpahiru minutuko antzezkizuna egin beharko du, gai librea hartuta, eta antolatzaileek beste minutu batzuk emango dizkiete, behar izanez gero, atrezzoa muntatzeko. Hori kontuan izanik, eta txalo zaparrada luzeak espero direnez, lau bat orduz luzatuko da inauteri ostiraleko parodia olinpikoa.
Noski, ondo pasatzeko ekitaldia izango da Soroetakoa, eta norbaitek ez badu ondo pasatzen, izango da ezin izan duelako joan. Baina ez da ahaztu behar olinpiadetako proba izango dela, Hondarribiko IX. Herri Olinpiadetako 4. jardunaldiko proba —garai berriko II. jokoetakoa—, eta puntuagarria izango dela. Epaimahaia izango da, pertsona ezagunez osatutakoa, eta taldeek egiten duten lanaren arabera, 1 puntu bat emango diote antzezkizun eskasenari eta 36 puntu bikainenari. ez dute lan makala izango epaileek.