Oier Goikoetxea txapeldun geratu da -60 kiloetan, eta Iker Otegi hirugarren -66tan
Goikoetxea eta Otegi, Gasteizko lehiaketa bukatuta
Oier Goikoetxeak urrezkoa eta Iker Otegik brontzezkoa; asteburuan Gasteizko Arriaga kiroldegian egin den Euskadiko Gazte Mailako Judo Txapelketan lehiatu diren bi hondarribiarrak domina lepoan jarrita itzuli ziren etxera.
Goikoetxeak lehen urtea du gazteetan, baina hala eta guztiz ere, urrezko domina jantzi zuen -60 kiloetan, bera baino urtebete gehiago duten judokak menderatuz. Hiru bider igo zen tatamira eta hiruretan irabazi zuen. Hala, hilaren 22an Iruñean egingo den Espainiako Txapelketako eremuko sailkapenean izango da Goikoetxea.
Iker Otegik brontzezko domina lortu zuen, -66 kiloetan. Hiru astez geldirik egon da Otegi, Tortosako Super Kopan izandako zuntz haustura dela-eta, baina Arriagan txapelketa bikaina egin zuen, borroka bakarra galduz.
Lidia Yarzak ez zuen Euskadiko Txapelketan parte hartu, baina rankineko lehen tokian dagoenez bere pisuan (+78), Espainiako Txapelketan izango da. Madrilen egingo dute, Pinto herrian, martxoaren 7an.
Bost domina Tortosan
Urtarrilaren 17-18an Haur eta Gazte mailetako Espainiako Super Kopako proba egin zuten Tortosako Ferreries kiroldegian eta bertan Ama Guadalupekoa taldeko sei kirolari lehiatu ziren, hiru gaztetan eta beste hiru Haur Mailan. Horietatik bakarra itzuli zen esku hutsik Hondarribira, Ronaldo Veitiak entrenatzen dituen judokek bost domina lortu baitzituzten, bi urre, beste bi zilar eta brontze bat.
Kirolariak, Ronaldo Veitia entrenatzailearekin
Gazte Mailan, Lidia Yarzak urrea lortu zuen (+78 kilo), eta bere pisuko rankineko buru izaten jarraitzen du, eta bigarrenarekiko aldea handitu du. Oier Goikoetxeak brontzea eskuratu zuen. Iker Otegik final laurdenetan galdu zuen, baita lesionatu ere, eta horrek ez zion repeskan nahi bezala aritzen utzi.
Haurretan, Jon Pascualek urrea jantzi zuen +66 kiloko rankineko lider jarriz eta Espainiako Txapelketarako sailkapen zuzena lortuz. Javier Estevas-Guilmain (-55) finalera iritsi zen, baina azken borrokan galdu zuen eta zilarrarekin konformatu behar izan zuen; hirugarren jarri da rankinean. Beste zilarra Gorka Aranbarrik lortu zuen, -60 kiloetan; finala galdu arren, rankineko bigarren postuan jarri da hondarribiarra, Kataluniako judoka batekin berdinduta.