Sagarzazu, euskara arloko aurrekontuaren aurkezpenean
650.031 euro, horixe da 2015ean Hondarribiko Udaleko Euskara departamentuak gastatzeko izango duena, 431.092 euro Udal Euskaltegiarentzat, eta beste 218.939 gainontzeko gastuentzat. Iazkoarekin alderatuta, %4,5 egin du gora euskara arloko aurrekontuak.
Aurreko ostiralean aurkeztu zuten, udal aurrekontua ezagutzera emateko udal gobernua departamentuz departamentu egiten ari den agerraldietako lehenengoan. Txomin Sagarzazu zinegotziak azaldu zuenez, “Euskara Sustatzeko 2015eko ekintza-plana betetzea, Udal Erabilera Planeko 2015eko ekintza-plana betetzea, euskaltegiaren bidez euskalduntzea eta alfabetatzea indartzen jarraitzea eta Mintzalaguna programa sendotzen jarraitzea” izango dira berak zuzentzen duen arloko aurtengo erronkak.
Ekintza zehatzei dagokionez, Neguko Jardunaldiak (16.000 euro), Mintzalaguna programa (15.000) eta Bordari eta Satarka literatur lehiaketak (12.500) dira gastu gehien dutenak; kontuan izanik, txiste grafikoen lehiaketak 3.500 euroko partida duela, orotara 16.000 euro bideratzen ditu udalak lehiaketen bitartez euskara sustatzera.
Aurten, gainera,
Korrika urtea denez, 3.000 euro jarriko ditu Hondarribiko Udalak euskararen aldeko lasterketa diruz laguntzeko, eta beste 2.000 euro Herri Urratserako. Gastu arrunteko beste partiden artean, 36.905 eurokoa da Hondarribia aldizkariari dagokiona, eta departamentuko jardueren berri emateko 5.600 euro izango ditu publizitate atalak.
Diru-laguntzetan 33.000 euro banatuko ditu 2015ean Euskara departamentuak; zatirik handiena ikastetxeetako Bertsolaritza, ahozkotasuna eta Urtxintxa programarako (12.000 euro) udako ikastaroetarako (9.800 euro) izango da.
Euskara arloko aurrekontua zehatzago ezagutzeko, bisitatu
udal webguneko atal berezia.
Euskara departamentuko aurrekontua, atalka
- Pertsonala: 58.541 euro.
- Gastu arrunta: 127.402 euro.
- Diru-laguntzak: 32.996 euro.
Euskaltegiko aurrekontua, atalka
- Soldatak: 357.168 euro.
- Gastu arrunta: 59.424 euro.
- Bekak: 10.500 euro.
- Inbertsioak (ekipamendua, liburuak..): 4.000 euro.