Zauriak ixten Bidasoan
Gatazka egoera gaindituta aurrera egiteko klabeak aurkitu nahi ditu Antxeta Irratiak. Askotariko biktimak eta sufrimenduak batuko ditu horretarako 'Bidasoan elkarbizitza' jardunaldietan.Bidasoan elkarbizitza jardunaldiak antolatu ditu Antxeta Irratiak....
Gatazka egoera gaindituta aurrera egiteko klabeak aurkitu nahi ditu Antxeta Irratiak. Askotariko biktimak eta sufrimenduak batuko ditu horretarako ‘Bidasoan elkarbizitza’ jardunaldietan.
Bidasoan elkarbizitza jardunaldiak antolatu ditu Antxeta Irratiak. Bi aldeetako biktimen zuzeneko testigantzak entzuteko eta askotariko sufrimenduei aurpegia jartzeko aukera emango dute jardunaldi horiek datorren hilabetean.Entzuten jakitea, eta entzunez ikastea ezinbestekoa iruditzen zaio Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzaileari: «Ez zait gustatzen bi alde daudela esatea, baina orokorrean egia da hala dela, eta oso garrantzitsua iruditzen zait bi alde horietako bakoitzean daudenak beste aldean dagoenaren gaineko kontzientzia hartzea. Euskal Herria eraikitzeari begira garrantzitsua da hitz egitea».
Aieteko Adierazpena sinatu zen une beretik omen zuen buruan Behe Bidasoan barrena uhinak zabaltzen dituen irratiak bakegintza eta elkarbizitzaren gaineko zer edo zer antolatzea. «Gaiaren gainean eztabaidatzeko bidea zabaldu nahi genuen, jakinda ere gai oso delikatua dela», esan du Zapirainek, «zauri asko zabalik daude oraindik, eta argi dagoena da alde guztiek sufritu dutela».
Orain hiru urte Euskal Herrian aro berria zabaldu zela argi du Antxetako kideak, eta unea dela elkarbizitza eraikitzen hasteko: «Zoritxarrez, jendeak sufritzen jarraitzen du, baina aurrera egin behar dela uste dugu, beti ere ondokoa entzunez, zatiketa sozialik gabe. Azkenean, denak gara euskal herritarrak, beltzak, txinoak, ETAko biktimak edo Estatuaren biktimak izan. Gure herriaren parte gara denak, eta nazio eraikuntza tokian tokitik hasi behar da».
Irrati elkartea da Antxeta, «libre edo komunitarioa», eta eguneroko ohiko saioak eskaintzeaz gain, irratiak funtzio soziala ere baduela esan du Zapirainek. Horren harira, parekidetasuna, etorkinekin elkarlana, edo gatazka politikoa bizi duten hainbat herrirekin proiektuak garatu dituztela azaldu du.
Azken horiei buruz hainbat hitzaldi eta mahai-inguru antolatu ditu irratiak. Azkena, Mundubat gobernuz kanpoko erakundearekin batera Kolonbiaren gainean antolatutako jardunaldia da.
Tokian tokiko biktimak
Errenteria-Oreretako Eraikiz iniziatiba edo Tolosako esperientziek ere izan dute eragina Antxetaren proposamenean, Zapirainek aitortu duenez: «Eraikizi buruzko informazioa badugu, zein emaitza eman dituen ere badakigu. Akuilua izan da. Oreretan egin dute, egin dezagun 15 kilometrora». Behe Bidasoa eskualdearen izaera berezia omen da, «Antxetak Gipuzkoa eta Lapurdi batzen dituela esan izan dugu beti, Hego Euskal Herriak eta Ipar Euskal Herriak oso errealitate ezberdinak bizi izan dituzte, eta oso leku berezia da, beraz, bizikidetzari ekiteko eta gaztazka honek mila aurpegi izan dituela erakusteko».
Askotariko sufrimenduak jarriko dituzte elkarren ondoan oholtzaren gainean partaideek, eta testigantza horiek tokian tokikoak izateari garrantzi berezia eman dio Antxetak: «Kasuren batean, eskualdetik kanpora jo behar izan dugu, baina beste guztiak bertakoak dira». Mahaiaren bueltan izango dira lekukotza zuzenak ematen Belen Zabala, Fermin Urtizberea, Kristina Sagarzazu eta Jose Miguel Gomez Elosegui lehen mahai-inguruan. Bigarrenean, berriz, Miren Illarreta, Juanra Rojo, Jokin Etxeberria eta Joserra Trebiño izango dira hizlariak. Jose Antonio Santano, Aitor Kerejeta, eta Kotte Ezenarro Irun, Hondarribia eta Hendaiako alkateek, hurrenez hurren, hartuko dute hitza azken saioan.
Lehen bi mahaietan bilduko diren lagunei bereziki «asko eskatzen» ari zaizkiela jakitun da Zapirain, «eskatzen ari gara oso gauza pertsonalak, intimoak eta min handia eragiten dutenak kontatzea. Benetan txalotzekoa da euren jarrera, eta irrati bezala, izugarri eskertzen dugu gonbidapena onartu izana eta jendaurrean hitz egiteko prest azaldu izana». Lokarrik erraztu omen du lehenengo mahai hori osatzeko bidea: «Zaila izan da pertsona horiengana iristea. Lokarriri laguntza eskatu zion Antxetak, eta berak egin du bide hori. Aitziber Blanco laguntzaile lanean dabil jardunaldiak antolatzeko, eta Lokarriren funtzioetako bat bada ere, bere laguntza ezinbestekoa izan dela esan behar dut».
Hiru udalek, Hondarribia, Irun eta Hendaiakoak, izandako jarrera ona nabarmendu du, bestalde: «Ateak zabalik hartu gaituzte, lana erraztu digute eta behar genituen azpiegiturak gure eskura jarri dituzte».
Belaunaldi berriak helburu
Bidasoan elkarbizitza jardunaldiek garrantzi handia izango dutela zalantzarik ez du Antxetako koordinatzaileak, Hondarribia, Hendaia eta Irunentzat. Memoria historikoak «asko» direla gaineratu du Zapirainek, «eta horiek belaunaldi berriei kontatzea, eta kontakizuna egiten dutenak protaginiosta izatea, lehen eskutik, oso garrantzitsua da. Mezuaren transmisioa egongo da, eta belaunaldi berriek jakitea zer gertatu den, nola gertatu den, eta nola egin daitekeen aurrera ezinbestekoa da».
Egungo egoeraren berri galdetuta, Ipar Euskal Herriari begira jarri da Zapirain, eredugarria iruditzen zaiolako bertako alderdi ezberdinak izaten ari diren jarrera: «Ezkerretik eskuinera, alderdi politiko guztiek bat egin dute oinarrizko giza eskubideen alde. Sortutik hasi, eta UMPraino, lehen lerroan jarri dituzte denek giza eskubideak, eta hori txalogarria da. Gustatuko litzaidake etorkizun batean Hego Euskal Herrian ere urrats horiek egin ahal izatea».

