'Zure kontsumoak mundu alda dezake' lelopean aurkeztu dute aurtengo lehiaketa; otsailaren 28ra arte parte har daiteke
Mikromezu eta kartel lehiaketaren nondik norakoak azaldu ditu Alegrek
Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak antolatutako (KIUB) Mikromezuen eta Kartelen Lehiaketaren VII. ekitaldia aurkeztu du gaur goizean Pedro Alegre Irungo Udalaren Kirol eta Herritarren Parte Hartzerako delegatuak.
Zure kontsumoak mundua alda dezake izenburupean eman du deialdiaren berri Alegrek. Martxoaren 15ean Kontsumitzaileen Eskubideen Munduko Egunaren harira antolatutako txapelketa da eta otsailaren 28ra arte parte hartu ahal izango dute interesatuek.
Urtero bezala, bi kategoria antolatu ditu KIUBek; lehena, mikromezuena derrigorrezko bigarren hezkuntzako (DBH) gaztetxoei zuzendua dago. 30 hitz baino gutxiagoko mezua sortu beharko dute, euskaraz edo gazteleraz. Mezua
e-posta bidez bidal daiteke edo nahi izanez gero, whatsapp aplikazioa erabilita 607771173 zenbakira idatziz. Hizkuntza bakoitzean gailentzen den ikasleak tablet bat jasoko du sari moduan.
Kartelen kategoriari dagokionez, lehen hezkuntzako (LH) 5. eta 6. mailetako ikasleei bideratuta dago. Hala ere, aurten lehen aldiz berritasun modura DBHko maila guztietako ikasleek ere parte har dezakete. Parte hartzaileek 60×40 zentimetroko formatu bertikala erabili beharko dute, eta nahi izanez gero, argazki bat hartu ahal izango dute euskarri moduan. HAZ bulegoan (San Martzial kalea, 2) aurkeztu beharko dituzte lanak eta kasu honetan ere tablet bat jasoko du irabazleak.