Hezeguneen garrantzia balioan jarri nahi dute datozen asteotan
Otsailaren 2an ospatuko da Hezeguneen Munduko Eguna nazioartean; horren harira, Txingudiko Padurak hobeto ezagutzeko egitarau berezia antolatu dute
Otsailaren 2arekin batera ospatuko dute nazioartean Hezeguneen Munduko Eguna. 2002. urtean Ramsar hitzarmenak Txingudiko Padurak Nazioarteko Garrantzizko Hezegune gisa izendatu zituenetik hitzordu ekidiezina bilakatu da ospakizuna Behe Bidasoko herrietan. Hala, aste honetan hasita eta datorren martxoaren 2ra bitartean hamaika dira Irunen, Hondarribian eta Hendaian gaiari lotuta antolatutako jarduerak. Ildo horretan, Ramsar sareak aukeratutako Hezeguneak gure etorkizunerako goiburuarekin bat egin dute Txingudiko Ekoetxeako arduradunek, eta nerabe eta gaztetxoei zuzendutako jarduera ugari antolatu dituzte. Hala ere, publiko orokorra ez dute bide bazterrean utzi nahi izan eta txikienei eta helduei begira ere egitarau oparoa aurreikusi dute. Antolatutako jarduerak atxikitako dokumentuan kontsulta daiteke.