Giza eskubideez hitz egingo du gaur Ibarretxek Hondarribian
Xabier Gezalak eta AInhoa Larretxeak aurkeztuko dute Hondarribiko Sarek antolatutako ekitaldia
Euskal presoen eskubideen aldeko Sare mugimenduak antolatuta, 1999 urtetik 2009ra Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari izandako Juan Jose Ibarretxek Giza eskubideak goiburuko hitzaldia emango du gaur Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean. 19:00etan hasiko da hizketaldia eta sarrera libre izango da.
Hitzaldia gidatzeaz bi hondarribiar arduratuko dira, Ainhoa Larretxea eta Xabier Gezala. Hitzaldia Ibarretxerena izango bada ere, Jose Antonio Agirre lehendakari izandakoaren biloba Amaia Agirre ere izango da Itsas Etxean.
Hondarribiko Sarek prestaturiko bideo bat proiektatuko dute ekitaldian eta Jexux Mari Mendizabal Bixargorri-k idatzitako bertsoa abestuko dute bertaratutakoek.
Afaria Olagarron
Ibarretxeren hitzaldia dela-eta ez da ostiraleko ohiko elkarretaratzerik egingo herrian, baina bai hileroko azken ostiraletako presoen aldeko afaria,Olagarro elkartean. Joan nahi duenak 616 59 18 94 telefono zenbakira deitu behar du, izena emateko.