Gertukoena.eus
'Oarsobidasoa.hitza.eus', 'bidasoa.hitza.eus' eta 'oarsoaldea.hitza.eus'; hirukoiztuta azaldu da gaur OARSO BIDASOKO HITZA ordenagailu, tablet eta sakelako telefonoetan. Internautengandik hurbilago egon nahi dugu.Gaurkotua, berritua, eta osatua. Hala a...
‘Oarsobidasoa.hitza.eus’, ‘bidasoa.hitza.eus’ eta ‘oarsoaldea.hitza.eus’; hirukoiztuta azaldu da gaur OARSO BIDASOKO HITZA ordenagailu, tablet eta sakelako telefonoetan. Internautengandik hurbilago egon nahi dugu.
Gaurkotua, berritua, eta osatua. Hala agertu da gaur goizean OARSO BIDASOKO HITZAren webgunea… hobe esanda, webguneak, hiru baitira gaurtik hasita Oarsoaldeko eta Bidasoko informazioa euskaraz jasotzen duten webguneak: batetik, oarsobidasoa.hitza.eus, orain arteko helbidean baina diseinu eta edukin berrituekin; eta beste bi berri: oarsoaldea.hitza.eus eta bidasoa.hitza.eus, hurrenez hurren Oarsoaldeko lau herrietako eta Bidasoko bietako albisteak argitaratuko dituztenak. Hiru webgune horiekin, bi eskualdeetako herritarrengandik gertuago egon nahi du HITZA-k, eta behar ezberdinak asetu.Batetik, orain arteko ataria (oarsobidasoa.hitza.eus) mantendu da, egungo bisitariak fidelizatze aldera. Baina bestetik, egunero webgunera zuzenean edo sare sozialen bitartez iristen diren internauten ohiturak aztertuta, lokaltasuna bilatzen dutela ikusi da, eta horregatik erabaki da bi webgune sortzea, OARSOALDEKO HITZA eta BIDASOKO HITZA bereiziz.
Lokaltasun hori, noski, ez da eskualde mailara mugatu. Izan ere, herri bakoitzak —Errenteria-Orereta, Pasaia, Oiartzun eta Lezo Oarsoaldean; Irun eta Hondarribia, Bidasoan— bere orrialde propioa izango du, herriko albiste jarioarekin, eta beste zenbait elementurekin. Herrika bezala, albisteak atalka sailkatuko dira; gai baten inguruko eskualdeko albiste berrienak klik bakar batean jasotzeko aukera izango da.
Aukera gehiago
Diseinu berria bai, baina edukiz ere osatuagoa da OARSO BIDASOKO HITZA-ren Interneteko atala. Normala den bezala, informazioak hartuko du zatirik handiena, hori baita gure izanaren arrazoia. Baina informazioaz gain, askoz gehiago aurki daiteke webgune berrietan, hala nola, iritziak, umorea, zorion agurrak egiteko aukera, HITZA-ko produktuen denda, asteroko zozketen gunea, edo multimedia atal zabal bat, edo bi, bat Oarsoaldeko herrietakoa eta beste bat Bidasokoena.
Beste berritasun nabarietako bat Agenda atala izango da, Oarsoaldeko eta Bidasoko herrietako ekitaldien berri modu argi eta txukun batean emango baitu. Zer egin, ikusi edo entzun erabakitzea errazagoa izango da, irudiz eta bideoz lagunduta baitago atal berritu hori.
Horrela azaldu da OARSO BIDASOKO HITZA Interneten gaur, itxuraldatua, osatuago, eta gertuago. Atzora arte bezala, tokiko informazioa zabaltzen jarraituko du, baina garai berrietara eta herritarren beharretara egokitua, gertuago jarriz, ordenagailu, tablet edo telefonoko pantailatik ia-ia ateratzeraino.

