EH Bilduk bere aldetik erasoak salatu eta biharko mobilizazioan parte hartzera deitu ditu irundarrak
Geltoki kalean uztailean izandako erasoa salatzeko elkarretaratzea
Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformak atzo publiko egindako erasoen inguruan mintzatu dira gaur Goizane Alvarez Udaltzaingoaren delegatua eta EH Bilduren udal taldea. Lehenak “zehaztasunez, gardentasunez eta egiatasunez” informa dezan galdegin dio Ertzaintzari eta bigarrenak, erasoak salatzeaz gain, biharko elkarretaratzean eta kazeroladan parte hartzera deitu ditu irundarrak.
Udal gobernuak gaur jakinarazi duenez, “Irungo Ertzaintzaren komisarioari” galdegin dio Alvarezek gertatutakoa argitzeko. Haren esanetan, “Udaltzaingoak hainbat emakumeren salaketak jaso ditu ukituak medio”. Eraso sexistak Ertzaintzaren esku utzi zirela adierazi du Alvarezek.
Hala, “lehenbailehen informa dezan” eskatu du delegatuak, “batez ere, gizartean alarmarik sor ez dadin”. Bide batez, gertatutakoa “erabat gaitzesteko” baliatu du aukera Alvarezek.
EH Bildu: “Eraso bakoitzaren aurrean erantzun egin behar dugu”
Koalizio abertzaleak ere erasoak salatu ditu komunikabideetara bidalitako ohar baten bidez. “Gertaera berri hauek, beste behin ere, errealitate latz eta gordin baten aurrean kokatzeaz gain, erabat asaldatu egin gaitu”, adierazi du koalizioak. EH Bilduko kideen arabera, “eraso hauetako bakoitzaren aurrean erantzun egin behar dugu errealitate hau aldatu nahi badugu”.
Era berean, “informazioa zabaltzeko erabili diren bitartekoak eta moduak, bai eta arduragabekeriak ere asaldatu egin gaitu”, esan dute. “Larria iruditzen zaigu honelako egoera gogor eta latzen aurrean, mezu sentsazionalistak erabiliz, gizartean alarma pizten aritzea. Honek ez dio ez inori, ez ezeri mesederik egiten”.
Hori horrela, TAS plataformak atzo deitutako mobilizazioarekin bat egin du koalizioak eta irundar orori dei egin dio bertan parte har dezan. Elkarretaratzea eta kazerolada Palmera-Monteron izango da, 12:00etan.