Erasoen gaineko informazio gutxi dutela onartu arren, polizia ikerketa abiatu dutela gertatutakoa argitzeko adierazi du Txingudi Anti Sexista plataformak.
Eraso bat salatzeko TASen beste elkarretaratze bat
Iragan asteburutik hona hainbat eraso sexista izan direla salatu du gaur Txingudi Anti Sexista (TAS) plataformak. Horri aurre egiteko xedearekin, kazerolada deitu dute plataforma osatzen duten 22 herri eragileek etzi larunbatarekin, Palmera-Monteron, 12:00etan.
Junkal Oyarzun TASeko eta Nicolas Gerendiain Elkarte Errepublikanoko kideak datu gutxi helarazi ahal izan ditu erasoen inguruan. Haren arabera, “zer gertatu den” argitzeko ikerketa abiatu dute, baina ezin izan du zehaztu Ertzaintza edo Udaltzaingoa arduratzen ari den.
Hala, eskuartean dituzten datuen arabera, “zortzi bat eraso” izan direla azaldu du: “Motorrean doan gizon batek emakumeei ipurdia ukitu, heldu, eta lurrera ere bota ditu; erasotuetako bati bihurdura ere eragin dio orkatilan”. Erantsi duenez, “eraso larriak ez diren arren, ez dakigu zer izango den hurrengoa”, eta beraz, kazerolada deitzea erabaki dute euren protesta “ozen entzun dadin”.
Era berean, erasoen egilea etorkin bat dela zabaldu dute sare sozialetan eta gaiak hartutako “kutsu arrazistarekin” erabat kontra agertu da: “Ez dugu halakorik onartuko. Ez du inporta nondik datorren”.
Bukatzeko, “halakorik gehiago ez gertatzeko baliabideak” jar ditzatela eskatu die udal agintariei, “ez da beharrezkoa hilabetean behin elkarretaratzea”.