Jose Antonio Santano alkateak Plaiaundiko kirol instalazioak San Migel-Anaka eremuan kokatzeari buruzko proposamenaren aurrean arauzko neurriak dituen futbol zelai baten proiektua aurkeztu duela salatu du EH Bilduk.
Futbol zelai arautua eraikitzeko proposamena egin du udal gobernuak.
EH Bilduren udal taldeko Oinatz Mitxelena bozeramaileak “gezurretan aritzea” egotzi dio gaur goizean Jose Antonio Santano Irungo alkateari. Plaiaundiko kirol instalazioak San Migel-Anaka eremura lekualdatzeko proposamenaren harira egin ditu adierazpenak Mitxelenak. Izan ere, “arauzko futbol zelai bat bertan eraikitzeko proiektua” aurkeztu du alkateak Antzarango, San Migelgo, Anakako eta Belaskoeneako auzo elkarteen zein Mariño Kirol Klubeko arduradunen aurrean, baina gainontzeko udal taldeei horren berri eman gabe, Mitxelenak salatu duenez.
Iragan urtarrilaren 7an, EH Bilduk abenduan iragarritakoari jarraiki, bildu ziren aipatutako auzo elkarteetako eta kirol klubeko ordezkariak udal taldeekin. Koalizioko bozeramaileak azaldutakoaren arabera, Plaiaundiko kirol instalazioak San Migel-Anaka eremuan ezartzeko “atal teknikoaren hutsunea” zegoenez, hau da, “hirigintza ataleko teknikaria, hirigintza delegatua eta alkatea falta zirenez” Irungo Udaleko Pedro Alegre Kirol delegatuak beste bilera bat deitzeko konpromisoa hartu zuen.
“Gure sorpresarako”, jarraitu du Mitxelenak, “urtarrilaren 21ean alkateak bilera bat egingo zuela auzo elkarteekin ezagutu genuen”. Koalizioko kideak esan duenez, egun horretan bertan bildutako hirigintza batzordean galdegin zioten alkateari bilera zeren ingurukoa zen: “San Migel-Anakaren ingurukoa, udal gobernuko kideak aurreko bileran hartutako konpromisoari jarraipena emateko edo besterik gabe berak egiten zuen bilera bat ote zen”.
Mitxelena gaurko agerraldian
Bozeramaileak salatutakoaren arabera, “bertan argi ikusi genuen alkatea gezurretan aritu zela. Alde batetik, hasieratik esan zuelako ez zela jarraipen bat izango. Teknikariekin joango ote zen ere galdetu zitzaion, eta baietz esan zuen. Beraz, gure ondorengo galdera izan zen ea zerbait berria aurkeztu behar ote zuen. Alkatearen aldetik, beste gezur bat: ez zuela ezer berria aurkeztuko, ez gutxienez batzorde informatiboetan eman ez zen informaziorik”.
Azkenean, teknikariak ez zirela bileran izan adierazi du Mitxelenak. Baina horrez gain, “guk ezagutzen ez dugun dokumentu bat aurkeztu zuen alkateak: plan berezi bat eremu horretan araututako futbol zelai bat jartzeko”.
Futbol federatuan aritzen diren klubek horren beharra dutela onartu du Mitxelenak, baina horrek bileran izandako Mariño klubeko eskakizunei soilik erantzuten diola erantsi du. Horrez gain, zelaia bertan eraiki nahi izatearen arrazoia “Plaiaundiko kirol instalazioak bertara eraman ezin direla esateko” dela uste du koalizioak.