Garaipenetik gertu izan da Hondarribia Eskubaloia
Zumaian galdu du Pulpo Bigara taldearen kontra (31-29)
Hondarribia Eskubaloiak galdu egin zuen asteburuan Zumaian, Bigara Pulporen kontra (31-29), partida oso ona jokatu arren. Norgehiagoka oso lehiakorra izan zen —atsedenaldian 12-11—, eta hondarribiarrek irabazteko aukerak izan zituzten, bai lehen zatian, baita bigarrenean ere, aurretik izan zirelako markagailuan.
Bigarren zatiko hamargarren minutuan bi goleko errenta zuten (19-21) eta hamarren faltan oraindik aurretik ziren. Azken hamar minutuetan joan zitzaien partida, zumaiarrek 8-5eko partziala lortu zutelako. Antton Etxebarria izan zen hondarribiarren golegile nagusia, hamar golekin; hainbat partidetan jokatu gabe izan da Etxebarria eta bere itzulera eskertu dute taldekideek.
Porrotaren ondoren, sailkapeneko azkenaurreko tokian daude hondarribiarrak, 6 punturekin, hiru garaipen soilik lortuta. Arma nagusia defentsa dute eta horretan ondo ari dira Javi de la Hazaren mutilak, baina lehen itzulian jokalari asko izan dituzte min hartuta eta golak sartzeko zailtasunak izan dituzte. Zumaian, esaterako, hamabi jokalari baino ez zituen eduki berdeen entrenatzaileak.
Hurrengo asteburuan Tolosaren kontra jokatuko du Hondarribiak, etxean. Ohi bezala, igandean izango da partida hori, 12:00etan Hondartza kiroldegian. Aurkari zaila izango dira tolosarrak, sailkapenean bosgarren tokian direlako, baina etxeko taldeak puntuak behar ditu mailari eusteko eta edozein partida da ona puntuatzeko.