Zure abenturaren bila programak Asia bizikletarekin zeharkatzera gonbidatuko ditu ikusleak Mundua bizikletaz Asian izenburupean, Koldo Zubizarretaren eta Ainhoa Perez de Nanclaresen eskutik.
Zure abenturaren bila: ‘Mundua bizikletaz Asian’
Asiara bidaia egingo dute aste honetako Zure abenturaren bila dokumentalaren protagonistek. Koldo Zubizarretak eta Ainhoa Perez de Nanclaresek Mundua bizikletaz Asian euskarazko ikus-entzunezkoa aurkeztuko dute bihar ostegunarekin Amaia KZn, 19:30ean hasita.
Sinopsiaren arabera, “udako oporraldia bizikletaz bidaiatzeko garaia izan da beti guretzat”, diote Zubizarretak eta Perez de Nanclaresek, “Asian, Amerikan eta Afrikan zehar makina bat kilometro egin ostean, azkenean, iritsi zitzaigun bidaia luzeago bat egiteko parada”. Hala, urtebetez bizikletan bidaiatzeko erabakia hartu zuten protagonistek.
Hori horrela, 2012ko udan, Indiako Kaxmirren Himalaiako mendateak gurutzatuz ekin zioten bidaiari. 2013ko udan, Japoniako Osaka hirian eman zituzten azken pedalkadak. Tartean zeharkatu zituzten, besteak beste: Nepaleko mendiak, Myanmarko tenpluak, Thailandiako hondartzak, Kanbodian Angkor hiria izandakoaren aztarnak, Laoseko lasaitasuna, Txinako aniztasuna eta Tibet mendialdeko bizitza.