Funesen zelaian lehiatu ziren bi taldeak, larunbatean; Funesek gogoz ekin arren, erraz menderatu zuen Irun RTk partida eta 8-24 gailentzea lortu zuen. Garaipen honen ondoren laugarren postuan dago Irungo taldea.
Funes Irun RT partida nafarren zelaian
Beste garaipen bat eskuratu zuen Irun RTk asteburuan, oraingo honetan, Nafarroa hegoaldeko Funes taldearen kontra. Hala eta guztiz ere, Funesek menderatu zuen partida lehen 15 minutuetan eta talde nafarrak eskuratu zituen partidaren lehen puntuak 24. minutuan, markagailua 3-0 irekiz.
Irun RTko jokalarien arabera akats ugari egin zituzten hasieran. Haizeak “gogor” jotzen zuela eta, paseetan akats ugari egin zituztela onartu dute jokalariek. Hala, Irun RTk ez zuen markagailua irekitzea lortu 35. minutura arte, Poncini eta Aizpuruaren arteko jokaldia iritsi zen arte. Izan ere, Aizpuruak entsegua egitea lortu zuen, eta Poncinik hori eraldatzea, talde irundarrarentzat zazpi puntu lortuz. Atsedena iritsi zenean 3-7 adierazten zuen markagailuak.
Bigarren deboran indartsu atera ziren berriz ere nafarrak eta partida hasi eta berehala lortu zuten markagailua haien alde jartzea (8-7). Irundarrak urduri jarri arren, egoerari buelta ematen jakin zuten eta hortik aurrera soilik haien markagailuak gora egitea lortu zuten. 8-24ko abantailarekin irabazi zuen azkenean Irun RTk.
Sailkapen orokorraren laugarren postuan dago gaur egun Irun RT. Datorren jardunaldian Bizkaian ariko dira Arratiko Zekorrak taldearen aurka, Igorren.