Behe Bidasoa eskualdeko herrietan "elkarbizitza, bizikidetza eta aitortza" bultzatzeko helburuarekin, eztabaida gune batzuk antolatu ditu Antxeta Irratiak Lokarrirekin elkarlanean.
Irudian: ezkerrean Aitziber Blanco eta eskuinean Aitziber Zapirain
Bidasoan Elkarbizitza izenburuko jardunaldiak aurkeztu dituzte gaur goizean Antxeta Irratiko Aitziber Zapirainek eta Lokarriko Aitziber Blancok Ficoba erakustazokan burututako agerraldian. Biktima guztien testigantzak biltzea, “elkarbizitza, bizikidetza eta aitortza” sustatze aldera da antolatutako jardunaldien helburu nagusia.
Hala, herritarren artean “eztabaida guneak” eratzea beharrezkotzat jo dute bi hizlariek. Zapirainek azaldu duenez: “Biharko egunari begira, etorkizuna elkar entzunez eta ekinez, bizi zein eraikitzen has gaitezen. Euskal Herriko gatazka politikoaren harira, oraindik ere esateko asko dagoela uste dugulako”. Ildo horretan, “nazio eraikuntza tokian tokian egiten dela” sinetsita daude Antxetako kideak, eta “herritar oro dela horren motorra”.
Hori dela eta, herritarrak parte hartzera animatu nahi izan ditu Zapirainek. Hizkuntza trabarik izango ez dela ere esan du, “hiru hizkuntzak bermatuak egongo direlako”. Gainera, publikoaren parte hartzea bultzatze aldera galderak idatziz helarazi ahal izango dizkietela moderatzaileei erantsi du irratiko kazetariak.
Hori horrela, lekukotzak eskaintzea eta jendeari hitza ematea bilatzen dute jardunaldiek, “iraganeko gertakariak etorkizunean errepika ez daitezen”, erantsi du Zapirainek.
Memoria kolektiboaren mesedetan
Antxeta Irratiko kideak azaldutakoaren arabera, irrati elkarte bat da eurek kudeatutakoa eta beraz, “funtzio sozial bat ere bete behar du”. Hainbat dira Antxetak azken urteotan gatazka ezberdinei buruz antolatutako jardunaldi, hitzaldi eta mahainguruak.
Hala, Behe Bidasokoak antolatzen hasi orduko ohartu ziren irratiko kideak “asko direla gure eskualde honetan gertatutakoak eta gehienak ez direla aipatu ere egiten”. Hori kontuan hartuta, memoria kolektiboaren mesedetan lan egitea ezinbestekotzat jo du Zapirainek: “Memoria edo memoriak kolektiboak eraikitzen ari garen garai honetan, belaunaldi berriekiko transmisio lan handia egin behar dela iruditzen zaigu, eta dudarik gabe irratia bada horretarako tresna ere”.
Lokarri herritar sareko kide den Aitziber Blancok bere aldetik adierazitakoaren arabera, halako jardunaldiak “baliotasun eta egokitasun handikoak” dira. Izan ere, “bizikidetza helburu partekatua” dela uste du Lokarriko kideak, “urteetan pairatutako indarkeria, eskubideen urraketa eta inkomunikazioaren ondoren, bakea eta bizikidetza” eraiki ahal izateko.
Elkarbizitza eraikitzeko “kezka eta beldurrak” daudela aipatu du Blancok:”Lokarriren ustetan, elkarbizitza sustatzeak, ezberdinak izanik, elkarrekin errespetuz eta giza duintasunez bizitzen ikastea suposatzen du”. Hori horrela, “erronka konplexu baten aurrean gaude” haren ustez, “baina aldi berean, eskuragarria”.
Horiek horrela, halako jardunaldiek “jarrera aldaketak” bultzatzen dituela uste du herritar sareko kideak, eta eman beharreko “beste urratsen artean lehena izatea espero dugu”.
Ondokoa da jardunaldien egitaraua:
Otsailak 5: Hondarribiko Itsas Etxean, 19:00etan. Parte hartzaileak:
- Belen Zabala, Josu Zabala zenaren hilobak hartuko du parte. 1976an, irailaren 8an hil zuen Josu Zabala Guardia Zibilak.
- Cristina Sagarzazu, ETAk 1996.urteko martxoaren 4an, erail zuen Montxo Doral ertzainaren alarguna.
- Jose Migel Gomez Elosegui, Francisco Javier Gomez Elosegi Martuteneko espetxean psikologoa zenaren anaia da. 1997.urtean erail zuen ETAk.
- Fermin Urtizberea, Hondarribian zinegotzi zela, bahitu egin zuen GANE (Grupo Antiterrorista Nacional Español) taldeak. 1988.urtean. Hiru egunez ukan zuten bahitua. Tortura gogorrak jasan zituen besteak beste.
- Lokarriko Aitziber Blanco izango da moderatzailea.
Otsailak 12: Hendaiako Antoine d’Abbadie aretoan, 19:00etan. Parte hartzaileak:
- Joserra Trebiño Apaiza.
- Juanra Rojo, euskal preso ohia.
- Jokin Etxebarria, iheslari ohia.
- Miren Illarreta abokatua.
- Ellande Boutin eta Goizeder Taberna izango dira moderatzaileak.
Otsailak 19: Irungo Ficoba erakustazokan, 19:00etan. Parte hartzaileak:
- Jose Antonio Santano Irungo alkatea.
- Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea.
- Kotte Ecenarro Hendaiako alkatea.
- Martxelo Otamendi eta Aitziber Zapirain ariko dira moderatzaile lanetan.